Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan lehiatuko da Jokin Eizmendi

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 10a, 16:30
Jokin Eizmendi, Aian.

Zizurkilgo (Gipuzkoa) frontoian jokatuko da, igande arratsaldean, eta eskualdeko bost harri-jasotzailek hartuko dute parte.

Igandean, hilak 13, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa jokatuko da Zizurkilgo (Gipuzkoa) frontoian 18:30etik aurrera, eta eskualdeko bost harri-jasotzaile arituko dira bertan nor baino nor gehiago. Hain zuzen ere, Aimar Irigoien errezildarra, Jon Unanue Goenatxo III azkoitiarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Aimar Galarraga oriotarra eta Xabier Aranburu Urrestillako bizilaguna lehiatuko dira txapelketan. 

Hainbat lan egin beharko dute lehiakideek txapelketan: 16/14 arroako (200/175 kilo) laukizuzena, 16/14 arroako (200/175 kilo) zilindrikoa, 12 arroako (150 kilo) kubikoa eta 8 arroako (125 kilo) bola jaso beharko dituzte. Bi minutuko lana egin beharko dute harri bakoitzarekin.