Mundu ulergarriago bat aldarrikatzen du Atzegiren kanpaina berriak

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 10a, 18:11
Atzegiren kanpaina berriaren aurkezpena Zarautzen. (Aritz Mutiozabal)

Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi sentsibilizazio kanpaina berria aurkeztu zuen atzo Atzegiko Urola Kostako ordezkaritzak Zarauzko Txolartean.

Herritarrak desgaitasun intelektualaren betaurrekoak jartzera gonbidatu nahi ditu Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak, 2019ko sentsibilizazio kanpainarekin. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Atzegiko Urola kostako ordezkariek aurtengo sentsibilizazio kanpaina Zarauzko Txolartean, eta eskualdeko Atzegizale ugari elkartu zen agerraldian. Atzegiko Goreti Arangurenek eta Susana Velascok azaldu zituzten kanpainaren inguruko xehetasunak. 

Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi leloa aukeratu du Atzegik aurtengo kanpainarako, eta errealitate intelektual horren inguruan hausnartzea eta “guztiontzat ulergarria izango den mundu bat” aldarrikatzea da egitasmoaren xedea. Hain zuzen, sentsibilizazio kanpainarekin lortu nahi dutena da herritarrei desgaitasuna duten pertsonen “errealitate intelektuala” ezagutaraztea eta “ingurune irisgarriagoa” eraikitzeko gonbidapena egitea.

Mundu irisgarriagoa xede

“Egunerokotasunean ulertzeko zailak izan daitezkeen mezuak jasotzen ditugu, eta mezu horiek ulertzea zailagoa izaten da desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Adibidez, jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoetako ordutegiak, eskuorri informatiboak… Horiek ulertzea ez da erraza zenbaitetan”, azaldu du Atzegik. Horregatik, Atzegiren helburua da herritarrak zailtasun horietaz kontzientziatzea, eta bakoitzak bere eremutik “mezu errazen aldeko apustua” egitea, “pixkanaka denontzat ulerterrazagoa izango den ingurunea eraikitzeko”.

Atzegiko kideen hitzetan, “desgaitasuna duten pertsonak ahalik eta autonomoenak izateko berebiziko garrantzia du mundua ondo ulertzeko aukera eskaintzea”. Izan ere, elkarteko kideen arabera, mezuak errazago ulertzeko aukera eskaintzeak “eragin zuzena eta positiboa” du desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizi kalitatean. Horregatik, Atzegik nahi duena da gizartea irisgarritasun kognitiboaren inguruan hausnarketa egitera gonbidatzea: “Pertsona bakoitzak bere lanean edo ingurune pertsonalean aldaketa txikiak egiten baditu ziur gaude mundu irisgarriagoa eraikiko dugula”.

Txip aldaketa

Zarauzko Udalak, beste urte batez, bat egin du Atzegiren sentsibilizazio kanpainarekin, eta atzoko agerraldian bertan izan zen Xabier Txurruka alkatea. "Irisgarritasun fisikotik haratago doa, eta, azkenean, eskatzen digute arreta jar dezagun bai erakundeek bai eragileek. Kirol, kultur eta festak antolatzen dituztenei eta ditugunoi sentsibilitate hori esnatu nahi digute, eta eskertzekoa da benetan kanpaina hau, txipa aldatzen digutelako. Mezuak gero eta zuzenagoak, laburragoak eta eraginkorragoak, hobe", azaldu du.

Horrekin batera, alkateak gaineratu du "mugak hautsi" behar direla, eta bide horretan erakundeak izan behar dutela lehenak konpromomiso hori hartzen: "Guk, udal bezala, konpromisoa hartzen dugu betaurreko hauek jarri eta aurrerantzean sentsibilitate hau landu behar dugula udal barruan, departamentu guztietan komunikazioa lantzerakoan".