Itsasotik Herrira

Nere Rubio: "Norberaren gaitasunak eta mugak ezagutzeko eta lantzeko aukera ematen dute zirkuko diziplinek"

Zarauzko hitza 2019ko urr. 12a, 17:25

Nere Rubio zarauztarrak zirku tailerra gidatu du gaur, Itsasotik Herrira ekimenaren barruan.

Zer moduzko harrera izan du gaurko antolatu duzuen zirku tailerrak?
Jende dezente bildu da tailerrean eta oso gustura gaude. Bi gune zituen tailerrak. Alde batean, eskulanak landu ditugu: hondarrarekin pilotak egin ditugu, pneumatikoak berrerabilita makil txinatarrak edo Deabruaren Makilak, eta arrantzarako materialarekin kariokak. Azken eskulan horrekin Itsasotik Herrira leloari keinu egin nahi izan diogu. Beste gunean berriz, oreka mantentzeko eta malabareak egiteko tramankuluak probatzeko aukera izan dute herritarrek.  

Zirkua modu desberdin batean lantzen duzu zuk. Zein da zure filosofia?
Ni formazioz psikologoa naiz, psikomotrizitatean eta neuromotrizitatean aditua. Horrez gain, zirku soziala mugimenduan aritzen naiz. Euskal Herrian oraindik ezezaguna bada ere, zirkuko diziplinak lantzen ditugu helburu sozial batekin, hau da,  jolasaren bidez helburu desberdinak lortzen laguntzen dugu. Gaurko helburua esaterako, berrerabiltzea izan da. Malabareak egiteko materiala garestia izaten denez, materiala berrerabiliz guk geuk egin dugu. Horrez gain, material hori erabiltzen erakutsi diegu bertaratu direnei.

Zirku mundua oraindik nahiko ezezaguna da. Mota horretako tailerrek zirkua gizarteratzen laguntzen al dute?
Egia da zirkuaren mundua nahiko ezezaguna zela Euskal Herrian, baina azken bi urteotan, Gure Zirkua sortu zutenetik, gero eta ezagunagoa dela nabaritu dut nik. Herritarrek gero eta interes handiago erakusten dute zirkuaren munduarekiko, eta ohartu dira, zirkuko diziplinek kultura eta gorputz mugimendua uztatzen dituztenez, norberaren gaitasunak eta mugak ezagutzeko eta lantzeko aukera ematen dutela. Gainera, oso mundu zabala denez, denontzat dago tokia; bakarka zein taldean hobetzen joateko aukera ematen du, lehiakortasuna alde batera utzita.