Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azoka antolatu du beste urte batez Zarauzko Solidaritate Koordinadorak. Aurtengoa seigarren aldia du, eta larunbatean egingo dute goiz-eguerdi partean. Koordinadorako kide Maite Pardinak adierazi du lantaldetik gogoz eta ilusioz heldu diotela aurtengo ekitaldiari ere. «Saiatzen gara ekimen berriak ekartzen herritarrentzat, ez daitezela izan urtero berdin-berdinak. Jakina, taldekoak mantentzen gara, baina ilusioz heltzen diegu jendea erakartzeko bide berriei. Aurten, gauza ezberdinak atera dira, eta ea jendearen erantzuna nolakoa den».
Azken urtetan, Aste Solidarioa bereziki azokan zentratzen ari zirela onartu du, eta aurten, koordinadorako partaide den Calcuta Ondoan erakundearen proposamenez, Behind India film dokumentala emango dute. Fernando Verak zuzendutako film dokumentala da, eta Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeak ekoitzia. Indiako zenbait emakumeren testigantzatik abiatuz, aipatu herrialdeko gizarte mugimendura hurbiltzeko aukera eskaintzen du. Nazioarteko hainbat jaialditan ikusi ahal izan da, eta bihar Modelon emango dute, 19:30ean, doako sarrerarekin.
«Osteguna Pobreziaren Nazioarteko Eguna izanda, egokia iruditu zitzaigun azokaren aurretik beste zerbait eskaintzea», adierazi du Zarauzko Solidaritate Koordinadorako kideak.Urtero saiatzen dira azokara talde berriren bat gonbidatzen, «betiere filosofia berari eutsiz» eta, nolabait ere, «eskaintza berritzen joateko».
23 postu
Guztira, 23 postu jarriko dituzte Lege Zaharren enparantzan, eta horien eskaintza ezagutzeko parada izango da, 10:00etatik 14:00ak bitartean. Aurten, nobedade gisa, pintxo tailer bat egiteko asmoa dute, ondoren bertaratzen direnei dastatzen emateko. Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzakoak arituko dira bertan. «Bertako produktuekin eta bidezko merkataritzako produktuekin egindako pintxoak izango dira, eta doan eskainiko zaio jendeari probatzeko. Baita edariak ere: artisau garagardoa, bertako sagarren zukua eta abar», aditzera eman du Pardinak.
Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzarekin batera, beste talde batzuk ere izango dira lehen aldiz azokan: Salvamento Maritimokoak, esaterako, Hotz Zarautzekin batera, eta Kantauri; azken honek arropa eta poltsak ekoizten ditu modu ekologikoan. Bestalde, Alboan elkarteak ere bere postua izango du, eta jendeak etxean izan ditzaken sakelako telefono zaharrak jasoko ditu.
Musika eta pintura
Koordinadorak saiakera berezi bat egin nahi du aurten azoka bera girotzeko. Hori horrela, 12:30ean hasita, Tormenta en el Jardin musika taldearen kontzertua izango da Lege Zaharren enparantzan bertan. «Zerbait ezberdina eskaini nahi genuen, eguerdian poteatzera atzeratzen diren herritarrak bertaratzeko».
Horrekin batera, #zarautzplastikfree izeneko murala margotuko dute goizean zehar, Iñigo Ormazabal eta Josean Legorburu artista zarauztarren gidaritzapean. «Asmoa da gai honekin lotutako mural bat sortzea momentuan bertan. Udalari komentatu genion ea gero herrian nonbait jartzeko aukerarik egongo ote zen, eta gaia aztertzen ari dira. Ez dakit zertan geratuko den, baina asmoa da herrirako izan daiteken zerbait sortzea», jakitera eman du Koordinadorako kideak.