Zarautzen jaio eta bizi da Iera Arrieta matematikaria (1979). Ikasketa guztiak herrian burutu ondoren Matematika karrera ikastera joan zen UPV/EHUra, Leioara. Karrera bukatu bezain laster Donostiako Eskola Politeknikoan (UPV/EHU) hasi zen lanean eta 4 urte inguru ibili ondoren Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) egin zuen lan urte betez. 2010. urteaz geroztik UPV/EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Eskolan dihardu Matematikaren Didaktikako klaseak ematen.
Matematikaria zara. Noiz hasi zinen zure ingurua betaurreko matematikoekin begiratzen?
Matematika beti gustatu izan zaidan irakasgaia da, baina, egia esanda, irakasle lanetan hasi nintzenean piztu zitzaidan matematikaren harra. Matematika zenbat eta gehiago ulertu orduan eta gehiago gustatzen zitzaidala ohartu nintzen, eta orduz geroztik mundua betaurreko matematikoekin begiratzeari ekin nion, askoz ederragoa delako.
Orain gauzak asko aldatu diren arren, nik ikasi nuen garaian, unibertsitatean 20 baino ez ginen klasean, eta gutxi gorabehera erdiak neskak eta erdiak mutilak ginen.
Ikerketarako saltoa ere eman zenuen.
Unibertsitatean irakasle moduan lanean hasi nintzenean ikerketa egitea ezinbestekoa zela ikusi nuen eta nire aitak (matematikaria baita ere) hasitako bideari heltzeko gogoa sentitu nuen. Horrelaxe murgildu nintzen Ahalmen Espazialaren ikerkuntzan. Tesia defenditu bitarteko urteak gogorrak izan ziren; ikerketako eta dozentziako lana uztartzea ez baitzen erraza; baina gaia gustukoa nuen eta horri heldu nion amaierara iristeko.
Doktorego-tesian Ahalmen Espazialaren azterketa egin zenuen, Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino.
Ahalmen espaziala irudiak eta objektuak mentalki identifikatzeko eta manipulatzeko gaitasuna da. Adimena osatzen duten zortzi faktoreetariko bat da; eta beraz, ahalmen espaliazaren garapena aztertzeak adimenaren garapena ikertzearekin erlazio zuzena du. Ahalmen espaziala neurtzeko galdetegi jakin batzuk pasa behar dira eta, horrela, 100 puntutik pertsona bakoitzak zenbateko ahalmen espaziala duen kalkula daiteke.
Eguneroko bizitzarako garrantzitsua dela diozu.
Bai, adimenaren faktore bat dela kontuan hartuta ezinbestekoa da ahalmen espaziala lantzea. Gaur egun GPSak lan handia aurrezten digun arren, adibidez, ahalmen espazialak hiri bateko mapa bat ulertu eta museo batera iristeko egin beharreko bidea zein den aukeratzen lagunduko digu, edo parkingean utzi dugun kotxea aurkitzen.
Belaunaldi gazteagoak gero eta Ahalmen Espazial handiagoa eskuratzen ari direla ikusi duzu.
Gure ikerketan Haur Hezkuntzatik hasita Unibertsitaterainoko ikasleen ahalmen espaziala neurtu eta aztertu dugu. Bertan, ikasleen ahalmen espazialaren maila gero eta handiagoa dela ikusi dugu; normalean matematikaren ikaskuntzan egindako lanaren ondorioa izango da horren arrazoi nagusia. Gaur egungo kurrikulumean ere pisu handia ematen zaio ahalmen espazialaren lanketari. Horrez gain, 18 urtetik aurrerako pertsonen ahalmen espazialaren maila handitu daitekeela ere frogatu dugu. Badirudi, heldutasunera iristen garenean adimenaren, eta beraz ahalmen espazialaren maila gorenera heltzen garela. Baina guk, Eskola Politeknikoko ikasleen ahalmen espaziala behintzat, garatu egin dela ikusi dugu.
Elkarrizketa osrik irakurri daiteke Unibertsitatea.net webgunean.