Babeslea: Koba interiorismo

Denda ere lanak osatuta

Kilometroak.eus 2019ko urr. 17a, 10:50

Iritsi zen urriaren 6a. Eta joan zen. Joan zen egun handia, baina lana ez zen han amaitu. Dendak zabalik jarraitu du, jo eta su lanean, Kilometroetako sua itzaltzerik nahi ez eta arropa erosten jarraitu nahi izan duten haientzat. 

Erosleak saltzaileak behar ditu, ordea, eta hemen ere ez da saltzailerik falta izan. Ezta gure festa kolorez eta formaz dotore janzteko arropa aukeratzeaz, ekartzeaz eta antolatzeaz arduratu denik ere.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu gehienok Kilometroak Zarautza iritsi zirela ohartzerako arroparekin buru-belarri lanean ibili diren haiei. Eskerrak, astelehenetik larunbatera goiz eta arratsalde dendan lanean aritu direnei. Eskerrak, denda ibiltariarekin herriz herri, festaz festa eta txokoz txoko, eguraldia alde nahiz kontra izan, umorerik galdu gabe ibili direnei. Eskerrak, arropaz gain, irteera guztietarako Gure Zozketako txartelak antolatzeaz eta prestatzeaz arduratu direnei eta batetik bestera haiek saltzen ibili diren guztiei.

Eta, nola ez, eskerrak gure arropa eta boletoak erosi dituztenei ere.

GU handi hau osatzen dugun denon izenean, eskerrik asko guztioi.