Zarauzko Immigrazio eta Kultur Aniztasun Zerbitzuak euskara harrera ikastaroa antolatzen du urtero, herrira etortzen diren bizilagun berrientzat. Aurten azaroaren 7tik otsailaren 7ra izango dela jakinarazi du Iratxe Zorrozua zinegotziak, gaur goizean eskaini duten prentsaurrekoan. Guztira 68 orduko ikastaroa izango da, eta izena emateko epea zabalik dago, urriaren 31ra arte (943-00 51 27 telefono zenbakira deituta edo immigrazioa@zarautz.eus helbidera idatzita).
Parte hartzen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta trukean astean hirutan jasoko dituzte eskolak, astelehen, astearte eta ostiraletan. Arratsaldez elkartuko dira udal euskaltegian, 18:30etik 20:30era.
Zorrozuak gogoratu du lehentasuna dutela Zarautzen urtebete edo gutxiago daramaten bizilagunek, ikastaro horrek bi helburu dituelako: etorriberriari euskara eta euskal kulturaren berri ematea batetik, eta bestetik, herriko baliabide eta zerbitzuen berri ematea. Horregatik, atzerritartasuna, lan eskubideak, parekidetasuna, hondakinen bilketa eta halako gaiak izango dituzte hizpide eskola horietan. "Zarauzko aniztasunaren adibide argia da ikastaroetan parte hartzen dutenen jatorria. Iaz Nikaragua, Errumania, Senegal, Kuba, Maroko eta Argentinako ikasleek hartu zuten parte".
Hain zuzen, prentsaurrean izan dira iaz ikastaroan parte hartu zutenetako hiru, eta euren esperientzia kontatu dute labur-labur.
Oristel Leiva: "Uste dut denontzat ikastaro garrantzitsua izan dela, etorriberriak ginelako eta ez genuelako ezagutzen hizkuntza. Oso hizkuntza polita iruditzen zait, zaharra da, eta merezi du ikasteak. Uste dut bizi garen tokian integratu beharra dugula, kasu honetan Zarautzen".
Silvia Plasensia: "Esperientzia hau oso positiboa izan da. Esaldi bat osatu ahal izan dugu, ezagutu hemen nola agurtzen den. Arantxa irakasleari ere eskerrak eman behar dizkiogu, asko motibatu gaituelako. Pixkanaka hasi gara; mila esker, gero arte eta halakoak esanez".
Dina Moal: "Astebete zen iritsi nintzela herrira, eta auzoko batek eman zidan ikastaroaren berri. Ez nuen hitz bat ulertzen euskaraz, eta galduta sentitzen nintzen. Ikastaroa gogorra egin zitzaidan, baina zorionez, Arantxa irakasleak asko lagundu zigun, esperientzia oso ona izan zen eta gomendatzen dut, integratzeko garrantzitsua delako. Jendeak eskertzen du euskaraz egiten saiatzen bazara, eta hori ez da toki guztietan gertatzen".