"Momentuan bertan 19 herritarrek eman dute izena ikerketan parte hartzeko"

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 18a, 09:52

Atzo arratsaldean bilera informatiboa egin zuten  Do Re Ni proiektuko kideek Antoniano aretoan, eta Xabier Lizaso arduraduna gustura da jasotako erantzunarekin. Musikak garunean duen eragina neurtuko dute 55 urtetik gorako herritarrengan, eta guztira 200 boluntario behar dituzte. Hemeretzi zarauztarrek eman zuten izena atzo, eta "beste horrenbestek eman zuen izen-emate orria etxera".

Zahartze osasungarrian eta zahartze aktiboan musikak duen eragina aztertzeko, ikerketa abiatu du Do Re Ni elkarteak. Xabier Lizaso oriotarra da ekimenaren sortzailea, eta haren hitzetan, gizarteak "estetikaren alorrean" baloratu izan du musika orain arte. Do Re Ni elkarteak, baina, musika garunaren garapenerako garrantzitsua dela frogatu nahi du eta, bereziki, adineko jendearen zahartze aktiboa laguntzeko tresna baliagarria dela.

Ikerketarako 55 urtetik gorako 200 boluntario behar ditu elkarteak, eta bailaran ari da horien bila. Orion informazio bilera egina dute, eta 100 lagun inguruk eman dute izena.  Atzo Zarautzen egin zuten bilera irekia, ikerketaren nondik norakoak azaltzeko eta parte hartzeko interesa dutenei informazioa emateko. Lizaso gustura da han jasotako harrerarekin. "Jende asko gerturatu zen, eta hemeretzik han bertan eman zuten izena. Beste horrenbestek etxera eraman zuten izen-emate orria". Oriotarrak gaineratu du unibertsitateko katedradun bat baino gehiago jarri dela beraiekin harremanetan, boluntario aritzeko.

Bilera gehiago egiteko asmoa dute inguruko herrietan. Esaterako, astelehenean Getarian jarri dute hitzordua. 18:00etan, erretiratuen elkartean izango dira ikerketako arduradunak, herritarrei azalpenak eta informazioa ematen.

Bi urteko ikerketa


Behin 200 parte hartzaile lortuta, ikerketari hasiera emango diote, boluntarioen garunak neurtuz. Ikerketan parte hartuko duten boluntarioak bi taldetan banatuko dituzte. Zientzia mailako ikerketetan, batetik kontrol taldea egoten da, eta bestetik, talde esperimentala. "Normalean kontrol taldeak ez du ezer egiten, estimulatutako taldeak zer onura izan dituen frogatzeko". Lizasoren esanetan, ordea, metodo hori erabiliz ezin da jakin estimulatutako taldea zergatik dagoen hobeto, gauzatu duten ekintza horregatik, edo "gero hartu duten kafetxoagatik".  Horregatik, ikerketa honetan bi taldeak estimulatuko dituzte. "Biek ondoren kafetxoa hartzeko aukera izango dute. Horrela jakingo da onurarik izan duten edo ez".

Bi urte iraungo du ikerketak, eta astean bitan izango dute ekintza bi taldeek. Lehenengo urtean talde batek eskulanetan egingo du lana, eta beste taldeak Do Re Ni metodoa landuko du, musikal bat sortuz eta horretan lan eginaz. Bigarren urtean, txandakatu egingo dira. Esperientzia bukatutakoan, berriz neurtuko zaie garuna. 

Lizasok argitu du mundu mailan antzeko ikerketak egin badira ere, saio gutxiagorekin eta boluntario kopuru txikiagoarekin izan direla, eta "zerbait potentea" egin nahi izan dutela azpimarratu du: "Erreferente izateko beharrezkoa da ikerketak zientzia mailan pisua izatea".