HARA! Gaur azokan ikasia: Aza eta Idiazabal gazta pintxoa

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 19a, 18:02
Anne Otegi, zartaginarekin lanean gaur eguerdian (Onintza Lete Arrieta)

Goierri aldetik etorri da Osoa elkarteko Anne Otegi Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azokara, eta pintxo ederrak banatu ditu, sasoiko eta bertako produktuak erabilita.

Produktu garestirik erabili gabe ere presta daitezke jaki goxoak. Hala erakutsi dute gaur Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azokan. Doan banatu dituzte pintxoak, oinarrizko produktuak erabilita: tipula, kalabaza, aza eta gazta, besteak beste.

"Bertako produktuak eta garaian garaikoak beste produktu batzuekin uztartzen saiatzen gara", adierazi du Anne Otegik, Osoa enpresako kideak. Adibidez, kalabaza eta aza garaia da, eta horiekin bi errezeta egin dituzte.

Batetik, kalabaza, tipula eta soja saltsa nahastu, eta tosta batean jarri dituzte. "Pate bezala jan daiteke, edo bokata barruan sartuta, humusarekin, esaterako".

Bestetik, aza eta gazta erabili dituzte, zapore oso desberdineko pintxoa egiteko.

Errezeta

  • Aza
  • Idiazabal gazta
  • Tosta

Aza fin ebaki, eta egosi gabe, zuzenean zartaginean erregosi egin behar da. Ondoren, Idiazabal gazta zati mehetan ebaki. Tosta hartu, eta gainean jarri, aurrena aza, eta haren gainean gazta.

On egin!

Argazki bilduma: Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen 6. Azoka