Eguzkitako betaurrekoak erabiltzea derrigorrezkoa da zenbait kasutan. Esaterako, kataratak kentzeko begiak operatu ondorenerako. Are gehiago, eguzkiak gogor jotzen duen lurraldeetan; Saharan, esaterako. Umeak eguzkitik babesteko ere garrantzitsuak dira eguzkitako betaurrekoak. "Hemen hasiak gara konturatzen nola babestu ditzakegun gure haurrak eguzkitik, etorkizunean hainbat patologia ekiditeko. Bada, pentsa Afrikan nola jotzen duen eguzkiak", azaldu zuen atzo Munduko Begiak gobernuz kanpoko erakundeko boluntario batek. Gaineratu zuenez, hondarrak ere kalte handia eragiten dio ikusmenari.
Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azokan postua jarri zuten atzo Lege Zaharren enparantzan, eta hainbat informazio banatu zuten. Besteak beste, azaldu zuten Zarautzen bertan kanpaina abiatuko dutela bihar, eta lau aste iraungo dituela. Eguzkitako betaurrekoak jasoko dituzte herriko hiru optikatan, gero Saharara bidaltzeko. Honako saltokietan utzi ahalko dira betaurrekoak: Zarautz Optika, Izar Optika eta Olaizola Optika dendetan.
Azpimarratu zuten egoera onean daudenak bakarrik nahi dituztela, "geuk jantziko genituzkeenak, ez zakarrontzira botatzeko moduan daudenak", eta graduatu gabeak.
Urte hasieran bidali nahi dituzte betaurrekoak Saharako kanpalekuetara, hainbat produktuz osatutako karabanen bidaia aprobetxatuta.