Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Azokari aurpegiak jarriz

Azoka batean hainbat aukera daude: adibidez, tximeletak bezala batetik bestera saltoka ibili eta azaleko usain eta zaporeak jasotzea; edo, beste aukera bat, postu bakoitzaren atzean dagoena ezagutzea, azaletik pixka bat sakonagora jota. Asmo horrekin, atzoko azokako boluntario batzuekin egon da Zarauzko HITZA.

Hogei postu baino gehiago egon ziren atzo ikusgai Lege Zaharren enparantzan, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren 6. Azokan. Postuko mahaia pasatu, eta atzean zeuden pertsonekin hitz egin zuen Zarauzko HITZAk, elkarteen lana modu sakonagoan ezagutzeko.

Pili Aranburu (Duintasuna elkartea)

Erretiratuen elkarteek postua jarri zuten atzo azoka solidarioan. Duintasuna eta Gaur Geroaren aldarrikapenak eskuorrietan banatu zituzten, eta soinean eramateko txapak banatu zituzten borondatearen truke. Eguerdirako bilete asko zituzten jasoak plastikozko edalontzi handi batean.

Zarautzen astelehenero egiten dituzte elkarretaratzeak gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izan daitezela eskatzeko gobernuei. "Europako Karta Sozialak hala gomendatzen du, inor ez dadin pobrezian eror. Hainbat jende dago etxean lan egin zutenak, adinekoak zaindu zituztenak, eta ez dute kotizatu. Ez da justua orain horiek pentsiorik ez izatea, lana egin baitute. Ikusten ez den lana egin dute, diru asko balio duena".

Pili Aranburu Zarauzko bizilagunak gogorarazi du alargunei ia erdira murrizten zailea senarraren pentsioa, baina etxeko gastuak ber-berak direla. "Gobernuei dagokie arazo hau konpontzea".

Pentsioen gaia ez ezik, beste batzuk ere jorratzen dituzte Duintasunan (Gipuzkoa mailako elkartea) eta Gaur Geroan (Hego Euskal Herri mailakoa): dependentzia eta bakardadea, esaterako.

Gipuzkoa mailan hilero egiten dute batzarra, aldiro herri desberdinean. Laster egingo dute urrikoa, eta Zarautzen izango da, gainera.

Lucia Arzuaga Etxaniz (Goiener)

Etxean kontsumitzen dugun energia ingurumena errespetatuz ekoitzitakoa dela ziurtatzen du Goiener kooperatibak, eta Euskal Herri osoan ia 11.000 bazkide ditu. Horietako bat da Arzuaga zumaiarra.

Postuan informazio orokorra eman zuen atzo. Esaterako, Goienerrek eguzki panelak jartzen dituela eraikin pribatuetan, jabeei inolako gasturik eragin gabe. Norberaren beharretarako ekoizten da energia, eta soberakinak egonez gero, energia hori Goienerrek berak erosten du.

Edonork kontratatu dezake Goiener bere etxe edo negozioarentzat energia lortzeko. Prezioak konpetentziarenaren antzekoak dira, bere ekoizpen propioa ez delako nahikoa eskaerari erantzuteko. Horregatik, subastetan erosi behar izaten du energia. "Asmoa bada behar adina energia ekoiztea, baina momentuz hori ezinezkoa da". Hala ere, Goienerrek "energia berdea bakarrik erosten du, ziurtagiria eskatuta".

Informazio orokorraz gain, HITZAri jakinarazi zion zenbait ikastetxerekin harremanetan dagoela kooperatiba, teilatuan eguzki panelak jartzeko. "Hiru helburu ditu planteamendu horrek: batetik, eskola behar duen energiaz hornitzea; bestetik, soberan sortzen bada energia hori Goienerri saltzea; eta azkenik, ikasleekin lantzea gaia, ikusteko nolakoa den prozesua, zenbat energia sortzen den, zer erabilera duen, etab.".

Markel Urretabizkaia eta Urtzi Larrea (Basabe garagardoa)

"Aurten lehenengo aldiz nahi zuten jarri garagardoa azokan, eta aurkitu nahi zuten enpresa bat gai hauekiko kontzientzia zuena. Gu Goierri aldekoak gara, baina kooperatiba gara eta baditugu antzeko baloreak. Deitu egin ziguten, eta etorri egin gara".

Urtebete daramate garagardoa ekoizten Basabe kooperatibakoek, eta momentuz beraien eskualdean bakarrik saltzen dute, gehienbat tabernetan. "Jende asko gerturatu zaigu galdetzera ea non eros dezaketen, baina oraindik ez dugu jarri horretarako biderik". Izan ere, hilean 1.500 litro garagardo ekoizten dute, eta dena saltzen dute. "Pixkanaka hazten ari gara, eta ea laster hona aldera etortzen garen". Aurreneko urteko balorazioa "oso ona" dela azaldu dute. "Lan asko izan da, baina oso urte ona izan da. Uste genuena baino hobea. Ekoizteko dugun gaitasun guztia erabiltzen ari gara, eta dena ari gara saltzen. Horregatik ez gara saiatu hazten eskualdetik kanpo". Dena den, laster Internetez saltzen hasteko asmoa dute.

Kooperatiban 39 bazkide dira, eta oraingoz bi garagardo mota egiten dituzte: bat lager-a da, jende gehienak tabernetan kontsumitzen duenaren antzekoa, baina artisaua. Bestea garratzagoa da, garagardozaleentzat pentsatua. Zarautzera aurreneko motakoa bakarrik eraman zuten, 30 litroko hiru barrika.

Bertaratu zirenei asko gustatu zitzaien: "Ez dakigu doan delako ala zergatik, baina denek esaten digute oso ona dagoela. Oso gustura gaude herritarren erreakzioarekin". 

Acoes elkarteko boluntarioak

Hondurasko haurrek ikasteko aukera izatea da Acoes elkartearen helburuetako bat. Atzo helburu horretan laguntzeko jarri zuten postua azokan, eta Gabonetako loteria saldu zuten, dirua biltzeko. Goiza nahikoa ondo zihoakiela esan zuten boluntarioek.

Urtea amaitu aurretik Azkoitian ere egingo da elkartasun azoka, eta hara joateko asmoa dute, jendeak elkartea ezagutu dezan.

Anne Galarraga (Kantauri marka)

Erosketak egitean plastikozko poltsak erabili beharrean telazkoak erabil daitezke, eta oihalezko poltsa politak egiten ditu orain urtebete ingurutik Anne Galarraga zarauztarrak. Txitxirio edo garbantzuentzat dira batzuk, barazkientzat beste batzuk... Era guztietakoak ditu salgai, txikiak 3 euroan eta handixeagoak 5 euroan. Poltsa handiak ere egiten ditu, eta horiek barruan sakutxoak dituzte.

"Jendeari gustatzen zaizkio eta erosten ditu, baina ez da erraza. Izan ere, orain hasi gara ohitzen plastikorik ez erabiltzera. Pixkanaka, nabari da kontzientzia hori ari dela garatzen".

Kalerako poltsak egiten hasi zen, bere lana utzi ondoren. "Josteko ikastaroa egin, eta denda batek eskaini zidan aukera, nahi banuen poltsak han saltzeko. Ausartu egin nintzen, eta denak saldu ziren. Horrela hasi nintzen. Gero, ikusi nuen egunerokoan plastiko mordoa erabiltzen nuela, eta pentsatu nuen hori aldatzea. Horrela hasi nintzen sakutxoak eta poltsak egiten, soberan gelditzen zitzaidan oihal zatiekin".

Kotoia eta lihoa erabiltzen du gehienbat, eta denak dira naturalak, plastikozko zatirik gabeak.

Amaia Alberdi (Alboan)

Alboan elkarteak eremu zabalagoa hartu arren, Zarautzen ere egiten dute lan, batez ere eskolekin. "Hainbat hezkuntza proiektu dugu: gatazkarik gabeko teknologiaren ingurukoa, hezkidetzaren ingurukoa, kultur aniztasunaren ingurukoa... Maila askotako ikasle eta irakasleekin aritzen gara", azaldu zuen Alboan elkarteko langile Amaia Alberdi zarauztarrak atzo, elkarteak azokan jarri zuen txokoan.

Gatazkarik gabeko teknologiari dagokionez, Alberdik jakinarazi zuen Zarauzko Udalari eskaera egin dietela "elektronika eremuko erosketa publikoa egiten den bakoitzean, ziurtatu dezan gailu horiek sortzeko erabili diren mineralak ez direla gerra eremuetatik eratorriak". Baldintza pleguetan sartu nahi dute zehaztasun hori, erosketa horiek "ahalik modu etikoenean" egiteko.

Alberdiren arabera, udalak erabili du informazioa, eta pozik da, herritarrek ere sinatu dutelako eskaera. Sinadura bilketarekin jarraitzen dute, eta asko lortuz gero, eskakizuna udalbatzarrera eramango lukete, "udaletxeak ez badu nahi, beste elkarrizketa bat bultzatzeko".

 

Ana Belen Juaristi (Ori-zautz eta Fiare Banku Etikoa)

Juaristi herriko hainbat elkartetan aritzen da boluntario, eta azokaren antolakuntzan ere hartu du parte. Atzo pozik zen egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin. "Poliki-poliki gerturatu da jendea, eta laguntzen du zuzeneko musika egoteak eta pintxoak eta garagardoak nahiz zukuak doan emateak ere. Ximon Uberaren baratzeko ekologikokoa da guztia", azpimarratu zuen.

Uda aurretik hasi ziren elkartzen azokaz hitz egiteko, eta udako etenaren ostean, berriz heldu zioten antolakuntzari. "Azoka honekin nahi izaten dugu jendea sentsibilizatu, eta herriari esan badagoela gauzak beste era batera egitea. Horregatik, ekonomia alternatiboa da, eta postuak desberdinak, alternatiboak, izatea da asmoa. Gauza zimelekin ere badago ondo bizitzea, eta hori azaltzea da gure asmoa".