Denboraldiko lehen partida irabazi du Ulaciak, emozioz beteriko arratsaldean

Zast Saskibaloia 2019ko urr. 22a, 11:22

Itzuli dira saskibaloi-arratsaldeak Zarauzko Aritzbatalde kiroldegira, eta nekez buelta zitezkeen emozio handiagoz, EBA ligan jokatzen duen Ulacia taldeak puntu bakar bateko aldeaz irabazi baitu, markagailura 69-68 emaitza igota, 19-20 denboraldiko lehen etxeko partidua, Goierri-Iparragirre 2020 taldearen aurka jokatutakoa. 

Arratsaldea bera hasi zen ilusioz eta emozioz beterik, partida hasi baino lehen familia-argazkia egin baitzuen Zarauzko Kirol Elkarteko Zast saskibaloi-adarrak. Guztira, 23 talde eta 272 jokalari biltzen ditu Zastek, infantil kategoriatik gorako talde guztiak batuta. ​Horiei guztiei 24 entrenatzaile gehitu behar zaizkie. Datuak agerian uzten du saskibaloia sasoi betean dagoela Zarautzen. 

Behin talde guztien argazkia atera ondoren, partiduari ekin zitzaion, eta lehen laurdenak amaieran izango zuen dinamikaren berri eman zuen, bi taldeetako inork ez baitzuen nagusitasun argirik erakutsi kantxa gainean. Markagailuak 16-18ko emaitza erakutsi zuen lehen laurden horren amaieran, etxeko taldea bi puntu azpitik zela. 

Bigarren laurdenean, etxeko taldeak gora egin zuen, errebotean erakutsitako nagusitasunarengatik, batik bat. Alde handiago ere atera zezaketen jaurtiketa libreetan gehiago asmatu izan balute. Partiduaren erdian, sei puntuko aldeaz irabazten zuen Ulaciak, eta lehia bereganatzeko bidean zuela zirudien. 
Egoera alderik-alde aldatu zen, ordea, hirugarren laurdenean. Oro har, zarauztarrak nagusi izan ziren arren, Goierrikoen zonakako defentsa batek ezustean harrapatu zituen, eta laurdeneko azken bi minutuetan egindako 0-11 partzial bati esker, kanpoko taldea 4 gora iritsi zen azken laurdenera. 

Lan zailak zituen Ulaciak azken laurdenerako, baina asmatu zuen, bai, etxeko taldeak egoerari buelta ematen. Saskibaloiak oso ohikoak dituen thriller horietako bat gozatu ahal izan zuten partidua ikustera gerturatu zirenek. Markagailuan berdinketak izan ziren nagusi azken laurden osoan, eta partiduko azken baloi edukitzan, denbora amaitzear zela, etxeko jokalari Aitzol Eguzkitzari egindako falta pertsonala adierazi zuten epaileek. Lehenengo jaurtiketa saskiratu ondoren, bigarrena huts egin eta hortxe amaitu zen partidua. Zorion betea, azkenik, etxeko taldearentzat eta zaleentzat partida amaierako bozinak jo zuenean. 

Garaipen garrantzitsua da lehenengo hau Ulaciarentzat, lasaitasuna emango baitio taldeko jokalari berriak pixkanaka beren rola finkatu eta taldera molda daitezen. Hirugarren jardunaldia baino ez da jokatu, eta aurrekoan atseden hartuta, sailkapenaren erdialdean kokatuta dago Ulacia. Eta zaleak, berriz, pozarren daude, aurten ere saskibaloi ederra eta emozioz betea ikusteko aukera izango dutelako Zarauzko kiroldegian.