Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu azken hilabetean Afagik, Alzheimerraren aurkako Gipuzkoako elkarteak. Oñatin hasi ziren irailaren 18an eta Zarautzen amaituko dute ostiral honetan, Ahantzitako oroitzapenak kontzertu antzeztuarekin. Modelo aretoan izango da emanaldia, 20:00etan hasita, doako sarrerarekin; betiere aretoa bete arte.
Getariako Elkano musika eskolako abesbatza ariko da kantuan, eta Montse Maritxalar eta Maialen Urbieta aktoreak izango dituzte bidelagun oholtza gainean. Era berean, musikarien laguntza izango dute: Maite Bereziartua pianoarekin, Iraia Bereziartua biolinarekin eta Unai Frantsesena perkusioarekin.
«Duela urte batzuk sortu genuen ikuskizuna, eta gizarteko beste errealitate bat landu nahi genuenez, ipuin bat sortu genuen hainbat kantu tartekatuz. Tartekatze horretan lortu genuen bi aktorerekin forma ematea, eta horrela sortu zen Ahantzitako oroitzapenak», proiektuaren nondik norakoa azaldu ditu abesbatzako zuzendari Felipe Murillok.
Maritxalarrek eta Urbietak Maritxuren istorioa kontatuko dute: alzheimerrak jota dago emakumea eta apenas gogoratzen da nor den, baina oroitzen da zein izan zen. Ipuina Murillok berak sortua da, eta ondoren Uxue Alberdik moldatua. Kontakizunean abestiak txertatuko dituzte: Maritxu nora zoaz, Zaindu maite duzu hori, Lau Teilatu eta Gogoaren baitan, esaterako.
Partekatzeko saioa
Afagiren aldetik egon da saiakera azken urteetan Alzheimerraren Egunaren harira ikuskizuna herrira ekartzekoa, baina ikasturte hasiera izaten denez, nahiko zaila izaten zen. Aurten posible izan da, eta ostiralean izango da horretarako aukera.«Afagiko kide, senide eta lagunentzat ohore bat da eta estimatzen dugu herritarrekin partekatu ahal izatea antzezlana, eta une horretan bizi ahal izango ditugun sentimenduak ere», adierazi du Zarauzko Afagiko kide Rakel Irustak.
Udaleko Gizarte Politiketako arduradun Jesus Aranak dio balioa eman behar zaiola Afagik egiten duen lanari, eta Udala beti izango duela bidelagun.