Trebetasun digitalak hobetzeko ikastaroa hasiko da azaroaren 4an

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 23a, 15:41

Azaroaren 4an hasiko da 'Izan-Be digital' ikastaroa. Prestakuntza herritarren trebetasun digitalak hobetzera bideratuta egongo da.

Herritarren trebetasun digitalak hobetzeko Izan-Be digital ikastaroa martxan jarriko dute arazoaren 4an. Enpresetan lan egiteko beharrezkoak diren baliabide teknologikoetan herritarrak gaitzea du helburu prestakuntzak.

Goi mailako ikasketak dituzten eskualdeko herritar guztiei bideratuta dago ikastaroa, langileentzat nahiz lana bilatzen ari direnentzat. Guztira, 145 orduko ikastaroa izango da. Lehen prestakuntza fasean, lan merkatuan aritzeko beharrezkoa den teknologiaren ezagutza praktikoa eskainiko da. Lan-mundura zubia izeneko bigarren fasean, aldiz, lana bilatzeko baliabideak ezagutu eta entrenatzeko aukera eskainiko da. 

Azaroaren 4tik abenduaren 13ra bitartean izango da ikastaroa. Goizez, 09:30etik 14:30era Urola Kostako Udal Elkartean.

Izen ematea

Ikastaroan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena, urriaren 29a baino lehen. Izena emateko eskaera-orria (www.urolakosta.eus  webgunean dago eskuragarri), galdetegia, NAN dokumentuaren fotokopia eta curriculuma aurkeztu beharko dira, emailez lanpoltsa@urolakosta.eus helbidean edo aurrez aurre Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.