Heldu da blusak armairutik ateratzeko ordua

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 25a, 17:00

Bihar ospatuko dute zarauztarrek Kuadrilla Eguna. Aurten hiru gunetan bereizi dute egitaraua eta hala, adin guztietako gazteentzat egokitutako hitzorduak izango dira.

Urriko hitzordu garrantzitsua da festazale zarauztarrentzat Kuadrillen Eguna. Aurreko urteetan hileko hirugarren larunbatean ospatu izan badute ere, aurten astebete gehiago itxaron behar izan dute zarauztarrek. Bihar izango da egun handia, eta goizetik gauera arte ez da zereginik faltako.

Aurtengoan adin desberdinetako gazteentzat egokitutako guneak izango dira herrian zehar: txikienek Zelai-Ondon edukiko dute txokoa, nerabeek Lege Zaharren enparantzan eta gazteek, Musika plazan. Hain zuzen, hor jarriko du Txipristin aisialdi taldeak txosna, eta Eraso! eta Hesian taldeen Munoa plazako kontzertuen ondoren, han jarraituko du festak, erromeriarekin eta gau musikatuarekin.

Udalaren ekimenez

Udalak elkarte desberdinekin elkarlanean antolatu du Kuadrilla Eguna aurten ere. Txipristineko kideek gogorarazi dute herri bazkarian norberak egin beharko duela janaria, eta ez dela aurretik tiketik erosi behar. 
Biharko eguraldi ederra dago iragarrita, beraz, festarako aitzakiarik ez da faltako Zarauzko gazteentzat.

Hemen dago ikusgai Kuadrilla Eguneko egitarau osoa.