Langileen kaleratzea salmenten beherakadarekin lotu du O-Bi Oinetakoak enpresak

ELA sindikatuak atzo egindako salaketaren harira, langileen eskubideak "beti" bermatu izan dituela eta haietako zazpi kaleratzeko neurria salmenten "beherakadaren" ondorioz hartu behar izan duela adierazi du enpresak. O-Bi Oinetakoakek gezurtatu egin du ELAk kaleratzeez eman duen bertsioa, eta sindikatuari esan dio egindako adierazpenak eta salaketa frogatzeko.

ELA sindikatuak atzo salatu zuen O-Bi Oinetakoak enpresak Oskarbi dendetako zazpi langile kaleratu dituela –Zarauzko dendako bi tartean–, langileen antolatzeko eskubidea urratuta. Salaketa horren harira, enpresak langileen eskubideak “beti” bermatu izan dituela eta langileak kaleratzeko neurria salmenten “beherakadaren” ondorioz hartu behar izan duela adierazi dio Goiena.eus atariari –Arrasaten ere badu saltokia Oskarbik–. Egindako adierazpenak eta salaketak frogatzeko deia egin dio enpresak ELA sindikatuari.

O-Bi Oinetakoakek gezurtatu egin du ELAk kaleratzeez eman duen bertsioa, eta enpresak adierazi du Oskarbi enpresa txikia dela eta ez duela ulertzen sindikatuak egindako salaketa, “errealitatearekin zerikusirik ez” duelako: “Oskarbik langileen eskubideak beti bermatzen ditu. Gaur egun ez dago eta ez da inoiz egon izan lan prekarietaterik Oskarbin. Beraz, enpresaren erabakiak ez dauka zerikusirik langileen bilerekin edo haiek beren eskubideak gauzatzearekin”.

Horrez gain, kontsumo ohituren aldaketak jasan dituela esan du Oskarbik: “Zoritxarrez, kontsumo ohiturek aldaketak ekarri dituzte –Zara, Amazon…–, eta horrek salmenten beherakada ekarri du gure dendetara. Ondorioz, Oskarbik neurriak hartu behar izan ditu, langileen berrantolaketa eginda eta bi denda itxita”.

Erlazionatuak

O-Bi oinetako enpresak zazpi langile kaleratu dituela salatu du ELAk

Zarautz

Enpresak langileen antolatzeko eskubidea urratu duela salatu dute ELAk eta Oskarbi oinetako dendetatik kaleratutako zazpi emakumeek. Haiek azaldu d...