Fe y Alegria GKEa diruz laguntzen jarraitzen du udalak

21 lurraldetan ditu proiektuak Fe y Alegriak. Zarauzko Udalak Guatemalako proiektuekin egiten du lan 2011z geroztik.

Zarauztik bezala, beste hainbat herritatik ere laguntzak jasotzen ditu Fe y Alegria GKEak. Guztira, Latinoamerikako eta Afrikako 21 herrialdetan egiten dute lan, baina 2011k geroztik, Zarauzko Udalak Guatemalako proiektuekin lagundu izan dio erakundeari.

Orain arte bultzatutako proiektuek hiru oinarri nagusi izan dituzte: hizkuntza, hezkuntza eta parekidetasuna. Guatemalan, gazteleraz gain, 24 hizkuntza hitz egiten dira eta haietako batzuk galtzeko arriskuan daude. Horiek sustatzeko proiektuak ditu esku artean Fe y Alegriak, baita eskola berriak eraikitzen eta horietako instalakuntzak eguneratzen ere.

2019ko aurrekontuen %0,73a dago bideratuta GKEak laguntzeko, eta aurtengoan, guztira 10 proiektu aurkeztu direla azaldu du Patxi Elola Kooperazio zinegotziak.

Julio Cesar Perez Osorio guatemalarra prentsaren aurreko agerraldian izan zen, eta azaldu zuen nolakoa den Fe y Alegriaren jarduna egun. Besteak beste, gazteekin eta herritar indigena emakumeekin lan egiten dutela azaldu zuten, kultur berreskurapenaren alde. Guatemalako egungo egoeraz ere aritu zen, eta haren esanetan, orokorrean desberdintasun sozialak "oso handiak" badira ere, zapalduenen artean pixkanaka zerbait pizten ari dela uste du: "Horren erakusle da azken hauteskunde orokorretan emaitza onak izan zituen Thelma Cabrera, emakumea, indigena eta alderdiko burua".

Amaitzeko, eskerrak eman zizkieten bertaratutakoek udalari eta herriari, proiektu horiek guztiak egin ahal izateko bideratzen duten dirulaguntzagatik.