Zabalik dago ‘Fabiola Belgikakoa. Ezkontza soinekoa’ erakusketa Balenciaga Museoan

'Fabiola Belgikakoa. Ezkontza soinekoa' erakusketa 2019ko abenduaren 15a arte egongo da ikusgai. (Izaskun Urbieta Esnal)

Balduino eta Fabiola Belgikako errege-erreginek hainbat oporraldi pasatu zituzten Zarautzen, eta Cristobal Balenciaga jostunak diseinatutako soineko ikonikoetako bat da Fabiolak bere eztei egunean eraman zuena.

Gaur ireki ditu ateak Balenciaga Museoan ‘Fabiola Belgikakoa. Ezkontza soinekoa’ erakusketak. Zazpi urtez museoan gordeta egon ondoren, berriz egongo da ikusgai horretarako prestatu duten gela berezi batean. “Museoak 2003an jaso zuen soinekoa, Fabiola Belgikakoak dohaintzan eman baitzuen urte horretan, eta 2012 arte hainbat erakusketetan erakutsi da. Ordutik, kontserbazio arrazoiak direla eta, gordeta egon da”, adierazi du museoko kolekzioetako arduraduna den Igor Uriak.

Urte honetan bertan, Madrilgo Thyssen-Bormenisza museoak antolatutako ‘Balenciaga eta Espainiako pintura’ erakusketan egon da (ekainetik irailera), eta gorde baino lehenago, Balenciaga Museoan erakustea pentsatu dute.

Erakusketari esker, Fabiola de Mora eta Aragonen ezkon-soinekoaren historia eta testuinguru zehatza aztertzeko aukera izango du bisitariak. “Balenciagaren soineko ikonikoetako bat da. Zergatik? Ezkontza hark nazioartean izan zuen ikusminagatik, baita Fabiolak Balenciagarekiko zuen hurbiltasunagatik ere”, kontatu du Uriak. Hain zuzen, erakusketa gela jantzita dago garai hartako dokumentuez: argazkiak, aldizkariak, prentsa, zirriborroak, ikus-entzunezko dokumentuak… “Soinekoa bera da erakusketa honen protagonista, baina bere inguruan izan zen oihartzun guztia azaldu nahi izan dugu. Hau da, soinekoa eta bere testuingurua erakutsi nahi izan dugu”, jarraitu du.

Zurrumurruak

Belgikarren errege Balduino I.aren eta Fabiola de Mora eta Aragon espainiar aristokrataren arteko ezkontza 1955eko abenduaren 15ean ospatu zen, eta garaiko gertakaririk mediatikoena izan zen. Horrek, zurrumurru asko ekarri zituen bai diseinatzailearen bai soinekoaren inguruan. Azkenean, New York Times egunkariak argitaratu zuen Balenciaga izango zela soinekoaren egilea. “Prentsak soinekoaren hainbat zirriborro ere publikatu zituen, baina Balenciaga Etxea beti mantendu zen diskrezioz”.

Gaurtik hasita, abenduaren 15era arte (Fabiolaren ezkontza eztei eguna, hain justu) egongo da ikusgai Aldamar jauregiko (Casa Torresko markesaren, hau da, Fabiolaren birramonaren antzinako udako etxea) erakusketa aretoan. Ondoren, gorde egongo dute. “Soinekoak, pertsonak bezala, nekatu egiten dira. Erakusketa amaitzean, atseden hartuko du museoan bertan”, amaitu du Uriak.