Zarauzko odol emaileek ere aitortza jaso dute Loiolan

Zarauzko odol emaileak, Loiolan. (Ane Olaizola)

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileei omenaldia egin zien atzo. Aurtengoan, Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko 139 odol emailek jaso dute aitortza.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako odol emaileei omenaldia egin zieten atzo, igandea, Loiolan egin zuten ekitaldian. Aurtengoan, Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko 139 odol emailek jaso zuten aitortza; Aizarnazabalgo sei odol emaile omendu zituzten; Arroako hiru, Azkoitiko 49, Azpeitiko 34, Getariako bi, Itziarko lau, Zarauzko 20, Zestoako hiru, Zumaiako hamalau eta Errezilgo hiru.

Oroigarriak jaso zituzten horiek guztiek: 25 ateraldi egiteagatik zilarrezko domina banatu zieten 61 laguni. Beste 39 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin zituzten, eta horiek urrezko domina jaso zuten. 60-75 odol emate egin zituzten 24 lagunek nahiz 80 odol ateraldi egin zituzten hamar lagunek Emaile Bikainaren Saria jaso zuten, eta ehun ateraldi egin zituzten bost lagunentzat, beste oroigarri bana banatu zuten. 

Gipuzkoako elkarteak eskerrak eman dizkiete odol emaile guztiei, eta gogoratu dute horien ekintza “ezinbestekoa” dela. “Odol emailerik gabe, ospitaleek ezingo lukete funtzionatu”, azpimarratu dute. Era berean, Carlos Peña igerilariari esker bereziak eman dizkie elkarteak. Izan ere, tolosarrak 24 orduz igeri egin zuen joan zen hilaren 13an Zumaiako uretan, eta orduan egindako balentria gogoratu dute gaurko ekitaldian. 

Herrika banatuta argazkiak atera dituzte omenduek, eta domina banaketa baino lehen, meza egin dute basilikan, eta egitasmoa borobiltzeko bazkaritarako elkartu dira Kiruri jatetxean.