Bere saioan bigarren eginda, finalaurrekoetarako txartela eskuratu du 'Mantxi'-k

Urrats bat aurrera egin zuen atzokoan Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolari zarauztarrak Gipuzkoako Txapelketako final-laurdenean.

Bigarren izan zen atzokoan Iñigo Mantzizidor Mantxi Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan, 484 puntu eskuratuta. Oihana Iguaran izan zen txapeldun 485,5 punturekin, eta hark lehen postua eskuratzeagatik finalaurrekoetarako zuzeneko txartela lortu bazuen ere, Mantxi matematikoki sailkatu zen, lortutako puntuazio altuagatik. Oraindik final-laurden bat jokatzeko geratzen bada ere, orain arte kantatutakoen artean hirugarren puntuaziorik altuena lortu du Mantxik, beraz, ziurtaturik dauka txartela. Iguaran eta Mantxiren atzetik, horrela geratu zen Azpeitiko saioko sailkapena: Nerea Elustondo (476,5 puntu), Alaia Martin (475 puntu), Amaia Iturriotz (463 puntu) eta Iñaki Gurrutxaga (421,5 puntu).

Felix Zubiak seigarren egin zuen larunbatean Eibarko final-laurdenean 423,5 punturekin, beraz, ez zuen lortu hurrengo faserako txartelik. Jon Maiak irabazi zuen saioa, hala, bera igaro zen zuzenean finalaurrekora. Azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian izango da datorren larunbatean, azaroaren 2an, eta saio horren ostean erabakita geratuko da finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolarien zerrenda.

Txapelketako gainontzeko informazio guztia eskuragarri dago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren webgunean.