Ikasle eta enpresak hurbiltzea du helburu aurtengo Zientziaz Blaik

Udal Elkartearen egoitzan aurkeztu dute aurtengo Zientziaz Blai. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko enpresak eta ikasleak elkarlanean jarri ditu aurtengo Zientziaz Blai egitasmoak. Batera egindako lanaren emaitzak aurkeztuko dituzte gaur arratsaldean, Modelo aretoan.

Berrikuntzekin dator aurtengoan ZarautzOn elkarteak bosgarren aldiz antolatu duen Zientziaz Blai egitasmoa. Zientzia eta teknologia herritarrengana hurbiltzea du xede elkarteak, eta aurtengoan, herriko gazteengana hurbiltzeko modu berriak probatu asmoz, «proiektuaren parte aktibo» bihurtu nahi izan dituzte. "Orain arte hizlariak ekarri izan ditugu, zientzian edo teknologian lanean diharduten herriko gazte erreferenteak, baina aurtengoan, formatu berri bat probatu nahi izan dugu", azaldu du Ane Buztindui ZarautzOneko kideak.

Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, Zarauzko ikastetxe guztiekin harremanetan jarri eta horietako bakoitzeko ikasle talde bat eta herriko hiru enpresa harremanetan jarri zituen saio bat antolatu zuten, Udal Elkartearen egoitzan bertan. Berrikuntzan lanean diharduen Tazebaez kooperatibako kide den Leire Argaratek gidatu zuen ikasleen eta enpresen arteko saioa, eta helburu nagusia izan zen enpresak aukeratutako erronka bati goiz batean erantzuna ematea, han bildu zirenen artean.


Aberasteko, elkarlana

Aner sistema informatikoak, Pukas surf denda eta Larraiotz elektronika izan ziren parte hartu zuten enpresak. Fase desberdinetan banatu zuten goizeko saioa: lehenengo erronka bera ulertzen aritu ziren, ideia zaparrada egin zuten ondoren eta amaitzeko "ideia bat aukeratu, prototipatu eta aurkeztu" egin zuten. Hamabost urteko ikasleak aritu ziren lanean goiz hartan, eta Argarateren ustez "gazteentzat goiz ederra" izan zen, «ikasgelatik atera eta zerbait berria eta desberdina» egiten aritu zirelako. "Indar eta energia askoko prozesua izan da", azaldu du Argaratek. Graphic recording bat ere egin zuten, eta bertan ikus daiteke laburbilduta fase bakoitzak eman zuena. 

Esaterako, informatika enpresa makina berri bat garatzen ari dela azaldu eta gazteei makina hori zertarako erabiliko luketen galdetzen zieten. Hala, bien arteko elkarlana sustatu zen, ikasleek enpresak ezagutzeko aukera izan zutelako, eta enpresek beren proiektuen inguruko ikuspuntu desberdin bat jasotzeko.  


Aurkezpena, Modelon 


Goiz hartan sortutako ideiak eta proiektuak gaur aurkeztuko dituzte Modelo aretoan, 19:00etatik aurrera. Bertan, egitasmoan parte hartu duten ikasleek zein enpresek hartuko dute parte, eta hizpide izango dituzte prozesu osoan zehar bizitakoak.


ZarautzOn elkarteko kideak gustura daude aurtengo Zientziaz Blai egitasmoa lantzeko aukeratu duten moduarekin, Buztinduik azaldu duenez, "ikastetxeekin harremana» izan dutelako, eta ikasleak ez direlako «entzule soil"izan.