Igandean hasiko dira Itsas Zaporeak ekimeneko esperientzia gastronomikoak

Itsas Zaporeak ekimenaren aurkezpena. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Itsasoa ardatz hartuta, azaro osoan hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da Kostako bailarako bost herrietan. Zarautzen, esaterako, igande honetan egingo dute txotx esperientzia.

Itsas Zaporeak ekimena aurkeztu dute gaur goizean Euskal Itsas Museoan. Kosta Gastronomika Urola Kostako turismo eskaintzaren barruan, azaroko igandeetan eskualdeko herri bakoitzean esperientzia bat eskainiko da. Aurten, esperientzia gastronomiko guztiak eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunarekin osatuko dira.

Urola Kosta eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da ekimena. Eskualdeko gastronomia sustatu eta balioa emateko, 2015. urteaz geroztik jardun dira turismo mailako estrategia jorratzen bost herritako udaletako Turismo sailekin elkarlanean. Herri bakoitzetik, goi mailako kalitatea duten produktuak hautatu dituzte Kosta Gastronomikaren bitartez balioa emateko. 

Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak adierazi du urteko ekitaldi gastronomikoak udan direla, eta beraien asmoa epe hori zabaltzea dela. Horrela, urte osoan 16 esperientzia gastronomiko egiteko aukera eskainiko da bost herrietan. Azaroko eskaintza da “eskualdean desestazionalizazioaren bidetik egiten ari garen ahaleginaren isla”, gehitu du Salsamendik. Beraz, hilabete osora zabaldu da aurreko edizioan asteburu bateko eskaintza izan zena.

 

Gastronomiaz haratago


Itsas ondarea du oinarri ekimenak. Horregatik, gastronomiaz haratago, eskualdeko itsas ohitura, tradizio eta bestelakoak jorratuko dira hilabete osoan. Horretan jardungo da Leire Otero historiagilea, esperientzia gastronomiko guztietan gidari lanak egiten. Eskualdearen istorio, bitxikeria eta tradizioak ezagutarazteko.

Igande honetan emango diote hasiera ekimenari, azaroaren 3an. Orio eta Zarautz izango dira Itsasoaren Zaporeak ekimena irekiko dutenak. Alde batetik, Bisigua Orio Estilora prestatzeko sekretuak ezagutuko dira bisitan, eskualdeko erretegietako sukaldarien eskutik. Errezetarekin batera, haren inguruko historia eta bitxikeri guztiak azalduko ditu Oterok. Ondoren, bisigua probatzeko aukera izango da txakolinaren laguntzarekin. Eguerdiko 12:30ean hasiko da ekimena, 17 euroren truke. Bestetik, Zarautz hartuko du ekimenak igande honetan, txotx esperientziarekin. Sagardoa dastatu eta bere historia ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 12:00etan hasita. 6 euroko prezioa du esperientziak.

Zumaia izango da bigarren asteburua hartuko duen herria. Euskal baserrietako eguneroko bizimodua izango dute ikusgai bertaratzen direnek. Bertatik bertara erakutsiko dute baserriko bizilagun eta animalien egunerokotasuna. Sagardoa eta gazta dastatzeko aukera eskainiko da, gainera. Eguerdiko 12:00etan hasiko da eta 5 euro ordaindu beharko da esperientzia.

Azaroaren 17an, berriz, Aiaren txanda izango da. Artzain eta gaztagileen eskutik ekoizpen prozesua ezagutuko da. gaztarekin batera, bertako sagardoa ere dastatzeko aukera eskainiko dute, eguerdiko 12:30etik aurrera, sei euroren truke.

Eta, azkenik, Getaria hartuko du Itsas Zaporea” ekimenak azaroaren 24an. Itsas kontserbak nola egiten ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango da. Goizeko 11:00etatik aurrera izango da bisita gidatua, 11 euroko prezioan.

Esperientzia hauetan guztietan, 15 pertsonentzat lekua izango da. Beraz, ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea. Izen-ematea irekita dago gaurtik aurrera, herrietako turismo bulegoetan.