Azken Porturen deltako doinuak

Aitor Badiola, Maria Armendariz, Ander Zulaika eta Antxon Sarasua. (Serious Business)

Zarauzko Serious Business laukoteak ‘The Last Port Sessions’ bigarren diskoa argitaratu berri du, eta bihar zuzenean aurkeztuko du herrian bertan, Zarauzko Modelo aretoan, 20:00etatik aurrera. 

The Last Port Sessions. Azken Portuko Saioak, alegia. Auzoan bertan du entsegu lokala Serious Business taldeak, eta handik ateratako uzta da bigarren diskoa. Antxon Sarasua taldekidearen entsegu lokalaren izena da izatez, eta bilgune horretan ereindako nahiz loratutako lana izaki, disko berriari izenburu hori bera jartzea erabaki dute "keinu gisa". 

Laukote gisa dator bigarren disko hau, eta lehena bezalaxe –2015 urteko abenduan kaleratu zuten Really Serious–, blues-rock doinuak dira honetan ere oinarri sendoak, baina oraingoan pianoa ere present dago. Taldeak hirukote gisa ekin zion bere bideari, Aitor Badiola abeslaria eta gitarristarekin, Maria Armendariz baxu jotzailearekin eta Ander Zulaika bateria jotzailearekin. Hasiera hartan, Zumaia eta Zarautz artean entseatzen zuten, eta lehen diskoa grabatu ondoren, Antxon Sarasua hasi zen taldean pianoa eta teklatuak jotzen.

Alde horretatik, eskaintza berrituago bat lortu dutela dio Badiolak: "Estilo aldetik gehiago zabaldu gara. Inoiz ez dugu gehiegi itxi nahi izan bluesera edo rockera, eta disko honetan ireki egin gara estilo aldetik: funky,  jazz, soul... Bluesaren biran dabiltzan genero guztietara mugitu nahi izan dugu".

Orain kide bat gehiago izateak ere eragina izan duela iritzi dio Zulaikak: "Nahasketa moduko bat izan da. Agian ez kontzienteki, baina musikalki abaniko hori zabaltzeko asmoa izan dugu. Gero, Antxonek urte askotako esperientzia du eta estilo asko jorratu izan ditu, eta abestien konponketak egiterakoan ematen dizun ikuspuntuak laguntzen du hainbat estilotara irekitzen. Azkenean, gauza guztien arteko uztarketa bat izan da".

Guztira, hamaika bat abesti berri zituzten eginak, eta grabatzeko garaia iritsi zenean, horietatik zazpi aukeratu zituzten estudioan jasotzeko. "Gehien gustatzen zitzaizkigunak eta egokiak iruditzen zitzaigunak izan dira", nabarmendu dute. Hain justu ere, ondorengo hauexek: Tren geltokiko blues, Sunday morning, Etorkizunari begira, Itzalen itsasoa, Reconsider baby, Zeru more eta Sara.

Zeru more abestian Oihan Lopetegi abeslariak kolaboratu du. Makala Jazz Funk Band taldean bat egin zuten Sarasuak eta Zulaikak Lopetegirekin, eta aipatu abestirako emakume baten ahotsa egoki txertatuko litzatekeela ikusi zutenean, berari deitu zioten. "Ahotsa ez ezik, letra ere berak sortu du. Benetan lan txukuna egin du!".

Laukoteak ez du nolanahiko tokian grabatu, gainera. Elkar estudioetan aritu ziren joan den udaberrian, bertako teknikari Victor Sanchezen gidaritzapean. "Soinu aldetik pauso bat harago eman nahi genuen. Antxonek eta Anderrek Victor ezagutzen zuten, eta Elkarrek nahi genituen baliabideak eskaintzen zizkigun, nahi genuen soinu hori lortu ahal izateko", dio Badiolak.

Zulaikak dio abestien konponketak oso argi zituztela, eta horiek jada oso landuta eraman zituztela, baina diskoa ekoizteko orduan arreta berezia eskaini diotela soinuari. "Diskoak guk nahi genuen moduan entzutea nahi izan dugu, eta kantaz kanta musika tresna bakoitzaren soinua zein izango zen erabakitzen aritu gara... Elkar bezalako estudio batek horretarako aukera ematen dizu".

Diskoa dagoeneko argitara eman dute. Plataforma digital guztietan topatu daiteke, eta, era berean, euskarri fisikoan ere kaleratu dute, CD formatuan, kontzertuetan-eta salgai jartzeko.

Zuzeneko aurkezpena

Bihar etxean ariko dira zuzenean, 20:00etik aurrera, Modelo aretoan. Gainera, ilusio handia egiten dieten kontzertua dela adierazi du Zulaikak. "Orain arte tabernetan eta toki txikiagotan jo dugu Zarautzen, eta bageneukan bertan jotzeko gogoa". Leku berezia dela, eta aretoak berak ere soinu berezia eskaintzen diela iritzi dio Badiolak. "Gainera, gogotsu gaude halako aukezpen bat egiteko herriaren aurrean". Diskoan bezalaxe, Oihan Lopetegi izango dute gonbidatu berezi oholtza gainean.

Modelokoaren ondoren, ahalik eta gehien mugitzeko asmoa dute. Datorren udara begira Euskal Herrian dauden jazz jaialdietan sartu ahal izatea da laukotearen nahia, "beti izaten dute tartetxo bat bluesarentzat".

Erlazionatuak

Serious Business taldearen kontzerturako sarreren zozketa

Zarautz

Serious Business musika taldeak The Last Port Sessions diskoa argitaratu du, eta zuzenean aurkeztuko du ostegun honetan (urriak 31), 20:00etan, Mod...
Bideoa: Serious Business musika taldearekin solasean

Zarautz

Serious Business laukoteak bigarren diskoa plazaratuko du datorren astelehenean, The Last Port Sessions izenburupean. Hona HITZAk eta Erlo Telebist...