Kanpoan galdu ostean, etxean sendo jarraitu nahi du Ulaciak

(Zast)

Partida zaila zuen EBA saskibaloi ligan jokatzen duen Zarauzko Ulacia taldeak aurreko igandean Pielagos Kantabriako taldearen aurka, eta halaxe suertatu zitzaion, alde handiz galdu baitzuen, 82-48ko emaitzarekin. Bederatzi jokalariz aurre egin behar izan zion Zarauzko taldeak partidari, eta egoera hori asko igarri zen partidaren bigarren zatian, goitik behera egin baitzuen taldeak, indar fisiko handiko talde baten aurka. 

Ulaciak lehen bi laurdenetan gogor eutsi zion defentsan partiduari. Oso ondo asmatu zuen defentsako laguntzen bidez gelditzen Kantabriako taldeak bilatzen zuen buruz buruko jokoa, lau puntuko aldeaz baino ez baitzuen galtzen bigarren laurdena amaitzeko minutu bakarra falta zela. Azken minutu horretan jasotako partzialak, ordea, hamar puntutik gorako abantaila eman zion Kantabriako taldeari.

Etxeko taldearen defentsa gogorrak estututa, Ulaciak ez zuen eroso jokatu erasoan, baina, horrez gain, jaurtiketan izan zuen egun txarrak asko kaltetu zituen zarauztarren aukerak. Argigarria da datua: bi taldeek hogeita bina  hiruko jaurtiketa egin zituzten, baina zarauztarrek bi bakarrik sartu zituzten, eta zazpi gehiago kantabriarrek. Nekez izango dute berriro horrelako egun txar bat zarauztarrek.

Garaipenaren bidera bueltatzeko aukera

Ostiral honetan bertan du Ulaciak etxetik kanpo galdu duen partidua ahaztu eta beste garaipen bat eskuratzeko aukera. Betiko orduan jokatuko du bosgarren jardunaldiko partidua, arratsaldeko 18:30ean, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Aurkari gogorra du oraingoan ere: Valladolidetik etorriko den CB La Flecha taldea. Sailkapenaren goiko aldean dago Valladolideko taldea, partidu bakarra galdu ondoren. Gainerako partidu guztiak alde handiz irabazi ditu, eta erronka handia izango da Ulaciarentzat.

Irabazteko errezeta ondo ezagutzen du Zarauzko taldeak. Aurreko igandean indarrak ahitu bitartean egin zuen defentsa sendoa berreskuratu behar du, eta egun hobea izan behar du jaurtiketan. Berebiziko garrantzia izango dute, baita ere, Ulaciak etxean erakusten duen grina handiak eta zaleen bultzada beroak. Horretan saiatuko dira, ziur, taldea bera eta Aritzbaltaldera bertaratzen diren ikusleak.

Igandean, berriro Santanderren

Ulaciaren asteburua, ordea, ez da ostiralean amaitzen, eta Santanderrera joan beharko du igandean, seigarren jardunaldia jokatzera Arha Hoteles taldearen aurka. Aukera ona izan daiteke etxetik kanpoko lehen partidua irabazteko, talde kantabriarrak ez baitu, oraingoz, partidarik irabazi. 
Bi partidari aurre egin beharko die, beraz, Ulacia taldeak santu guztien zubiko asteburuan. Ligan aurrera egiteko aukera ona izango da Jokin Collantes eta Andoni Lazkano bikoak zuzendutako taldearentzat.