50 urteko ibilia ospatzeko, zuzenean sortzen

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 31a, 08:30

Xabier Egaña artistaren 50 urte luzeko ibilbidea jasotzen du Bizitza ez da nahikoa atzera begirako erakusketak.

Vital Fundazioa zentroak 65 pieza jaso ditu, horietako zenbait orain arte inoiz ikusi gabeak, eta horiei esker, artistaren hainbat garaietatik bidaiatzeko aukera dago: hastapenak, estilo propio baten bilaketa, Arantzazuko Andre Mariaren ganberatxoaren apainketa, materiazko esperimentazioa, familia eta pertsonak, bidegabekeria eta giza oinazea, iraganeko artea aitzaki hartutako lanak, eta bizitzarako pinturak, hain zuzen ere.

«Egañaren lana luzea eta anitza da teknikatan, materialetan eta formatutan, intuitiboa eta esperimentala, azkarra gauzatzean, bere begirada gidatzen duen berezko sentiberatasuna duena». Modu horretan definitzen du erakusketaren oharrak artistaren ibilia, bere lanaren tamaina eta kalitatea.

Erakusketa bereziki erakargarria dela adierazi du Juan Ayesta komisarioak. Bertan ikusgai izango diren piezez aparte, Egaña bera sortze prozesuan ikusteko aukera dagoelako. Mural bat egiten ari da zuzenean, Picassoren Gernika bezain handia, eta jendearen aurrean ari da lanean erakusketa zabalik dagoen ordutegian, ostiraletan, larunbatetan eta igande eguerdietan. 

Bestalde, lehenengo aldiz jarri dira erakusgai Egañak bere ibilbidean egin dituen autore liburu batzuk: bozetoak, ideiak, emozioak, hausnarketak eta halakoak jasotzen dituzte.

Erakusketa hilaren 24an ireki zuten, gaur astebete, eta abenduaren 1a bitartean bisitatu ahal izango da; astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera dohainik da.

Argazkiak: Vital Fundazioa