Xabier Egañaren obrari balioa emate aldera, ArtEgaña elkartea sortu dute

Juan Ayesta komisarioa, Irune Urbieta kultura zinegotzia eta ArtEgaña elkarteko Maribi Legarra eta Jose Roman Lizaso. (Aritz Mutiozabal)

Xabier Egañaren obra kontserbatzea, zabaltzea eta sustatzea da elkartearen helburua. Gasteizen artistaren atzera begirako erakusketa ikus daiteke abenduaren 1a bitartean.

ArtEgaña kultur elkarte berria sortu dute, Xabier Egaña artistak bere bizitzan egindako obrari balioa eta ikusgarritasuna emateko. Areetan jaioa, gazte zela etorri zen Zarautzera bizitzera eta, harrezkero, hainbat lan egin ditu herrian. Horien artean, nabarmentzekoak dira San Pelaio ermitako aldareko horma eta Salbatore Mitxelenaren omenezko Ikastolako murala. «Azken horretan, Salbatore Mitxelenaren mendeurrena zela aprobetxatuz, udalaren eta ArtEgañaren elkarlanari esker, duela ia 40 urte margotu zuen mural hori biziberritu zuen artistak berak», gogora ekarri du Kultura zinegotzi Irune Urbietak elkartearen aurkezpenean.

Elkartea sortzeko lehen pausoak zaharberritze horrekin hasi zirela kontatu du ArtEgañako kide Jose Roman Lizasok. Ikastolako murala duela 38 urte egin zuela Egañak, baina «tamalez, bere ingurukook ikusten genuen bere egoera ez zela onargarria». Aurten, Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrena zela eta Kilometroak ospatzen zirela kontuan hartuta, «bai Ikastolatik bai udaletik aukera bat bezala ikusi zen, eta obra hori konpondu nahian hasi ginen».

Hasierako asmoa lehen zegoena berritzea baldin bazen ere, azkenean Egañak gaur egunera egokitu nahi izan zuen murala, eta obra berri bat egin zuen. «Proiektu horretan murgildu ginenean konturatu ginen akats bat egiten ari ginela; hau da, mural hori salbatuko genuela, baina ez obra. Orduan, erabaki genuen elkarte bat sortu behar genuela».

ArtEgañaren helburua da Xabier Egañaren obra kontserbatzea, zabaltzea eta sustatzea. Horri lotuta, sentsibilitate, ezagutza eta sormen artistikoa sustatzen duten kultur jarduerak garatu nahi dituzte, baita arte orokorra sustatu ere. Orain, bideo bat kaleratu dute Ikastolako muralaren sortze prozesua jasotzen duena, eta bigarren bideo bat ere prestatzen ari dira, non Egañak Zarautzen dituen obrak erakutsi dituzten. Era berean, ArtEgaña elkartearen logoa Egañak berak diseinatu die.


Ezezaguna publikoarentzat


Elkartearen beraren aurkezpen agerraldian Juan Ayesta izan dute gonbidatu. Bera artistaren obran aditua izateaz gain, oraintsu Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa zentroak zabaldu duen Bizitza ez da nahikoa atzera begirakoaren komisarioa da.

«Xabier Egaña ezezagun bat da publikoarentzat», zehaztu du Ayestak. Obra muralistiko ikaragarria duela dio: «Esaterako, Alemaniako Mühlen hiriko elizako lana Sajoniako kultura ondare dago izendatua, eta duela urte batzuk bere obraren atzera begirakoa antolatu zuten Alemanian. Eta hemen, aldiz, ez da horren ezaguna. Bere izateko moduagatik izango da, ez delako inoiz arte merkatuan sartu». Orain, bere ibilbide oparoa Gasteizen ikusteko aukera dago. Izan ere, «XX. mendearen hirugarren hereneko euskal artista inportanteenatako bat da».

ArtEgaña elkarteko lehendakari Maribi Legarrak Joxean Artzeren hitzak ekarri nahi izan ditu, «gizakiak gizaki izateko artistak behar» dituela adieraziz. Horren haritik, ondorengoa nabarmendu du: «Xabier Egañak bizitza osoa eman dio artegintzari, eta bere ekarpenak begi bistakoak dira».

Erlazionatuak

50 urteko ibilia ospatzeko, zuzenean sortzen

Zarautz

Xabier Egaña artistaren 50 urte luzeko ibilbidea jasotzen du Bizitza ez da nahikoa atzera begirako erakusketak.