Iritzia: 'Usu'

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 31a, 11:08

Hona hemen Andoni Egañak gaurko Berria egunkarikoa Hitz etzanak izeneko bere iritzi atalean argitara eman duena.

Itzuliz usu begiak argitaratu berri du leihatila honetan hamahiru urtez idatzi zuen Anjel Lertxundik. Literatur itzulpenaren zailtasunari buruz, ikusgarritasunean duen herrenaren gainean, oraingo itzulpenen irakurgarritasun handiagoaz... mintzatu da han eta hemen.

Itzultzea, berriz sortzea askotan, lan nekeza da. Azken boladan joera aldatu dut. Informatze soilaz gain bestelako asmoren bat —poetikoa edo deitu nahi baduzue— duten testu laburrak egitea sarri samar tokatzen zait. Euskarazko testuaz gain gaztelerazkoa egingo nukeen galdetu-agindu didatenean eta ezetz esaten asmatu ez dudalarik, euskarazkoa sortzen dut beti lehena, jakina. Eta gero, itzultzaile kamutsa naizenez, errazagoa zait gaztelerazko beste testu bat sortzea, euskarazko jatorrizkoa itzultzea baino. Hala egiten dut. Testu bat euskaraz eta bestelakoa erdaraz. Bi hizkuntza; bi mundu; kondentsazio poetikoa bilatzeko bi modu.

Segur aski, horrela jokatzearen arrazoia ezina da, eta lanerako grinaz mozorroturiko alferkeria. Emaitza, ordea, behingoz euskal herritar eleaniztunen aldekoa dela esango nuke. Gutxienez bi hizkuntza dakizkienak bi hizkuntzatan idatziaz goza dezake. Euskal herritar elebakarrak ez. Enegarren arrazoia zerbait falta zaiola kontura dadin...