Elena Aranoa: "Nire bizitza osoagoa egin dute emakume sortzaile hauek"

Elena Aranoa abeslari eta piano jotzaile zarauztarra zuzenean ariko da gaur Modelo aretoan, 20:00etan, ‘Autoras’ lana aurkezten. Hainbat abeslari emakumeren kantak moldatu ditu, eta horiek taularatuko ditu.

Autoras da zure azken lana, eta bertan hainbat emakume abeslariren abestiak jaso dituzu. Nola jaio zen proiektu hau?
Nazioarteko Emakume Langileen Egunaren harira, 2018ko martxoaren 8an eskainitako emanaldi batetik jaio zen. Logroñoko Unibertsitate Popularrak antolatu zuen kontzertua, eta emakume batek jotzea nahi zuten. Egun horretarako lehen greba feminista zegoen deituta, eta pentsatu nuen egun egokia zela emakume sortzaile askoren lan artistikoa aldarrikatzeko; duela ehun urte jaio ziren haienak, eta beraien artea agertokietan oparitzen jarraitzen dizkiguten egungoenak.

Baneraman denbora bat emakume egileen abestiak aukeratzen, eta iruditu zitzaidan abagune ederra zela egile hauei [Autoras hitza erabili du] eskainitako kontzertu bat egitea. Gustuko saioa izan zen, eta unibertsitateak proposatu zidan interpretatutako errepertorioarekin disko bat sortzea. Hala, finantzaketa kolektibo bat jarri genuen abian, eta kontzertu batzuk ere jo genituen horren berri emateko. Gisa horretan, Autoras lana argitara atera ahal izan dugu, joan den otsailean aurkeztuz.

Oparoa da abesti interesgarrien abanikoa. Zaila izan al da errepertorioa ixtea?
Asko kostatu zitzaidan aukeraketa egitea, emakume interesgarrien abesti asko baitira gustuko ditudanak, baina ezinezkoa zen guztiak txertatzea... Daudenak daude, nahiz eta gustuko ditudan guztiak ez izan. Beraz, bihotzarekin aukeratu nituen. Bizitza osoan kuttun izan ditudan abeslarienak daude: esaterako, Violeta Parra, Edith Piaf, Consuelo Velazquez eta Mª Elena Walsh.  Eta beste batzuk, berriz, ibilbidean zehar joan naiz ezagutzen, Mayte Martin, Silvia Perez Cruz, Natalia Lafourcade eta Marta Gomez bezala; egungo emakumeak dira hauek, eta geure bizitza hobea izan dadin laguntzen digute. Uste dut musikak –arteak, orokorrean– laguntzen digula herritar kritikoagoak izaten, zoriontsuagoak, pertsona hobeak. Eta emakume sortzaile hauek guztiek egin dute nire bizitza eta beste askorena hobea nahiz osoagoa izatea.

Artista bakoitzak egiten dituen bertsioak oso pertsonalak izaten dira. Zein izan da zure ukitua proiektu honetan?
Abesti baten bertsioa egiteak eskatzen du berrikuste pertsonal bat, nola kontatu nahi duzun jakiteko. Diskoko zenbait abestirekin kostatu egin zait egiteko modua aurkitzea, ez hainbeste abestea, baizik eta pianoarekin nola egin akonpainamendua. Adibidez, Consuelo Velazquezen Verdad amarga abestia asko aldatu da eskaini nuen kontzertu hartatik. Uste dut bertsio batek jatorrizkoaren esentzia gorde behar duela, eta gero ahaztu apur bat nola egiten zuen edo duen sortzaileak, zure iragazkitik pasa eta zure ukitua, arima eta egia emateko. Miresmenetik eta errespetutik egin ditut moldaketa guztiak. Gustatuko litzaidake jakitea egileek zer iritzi izango luketen emaitza honen inguruan. Nik, behintzat, maitasun eta mimo handiz landu dut, eta  ikaragarri ikasi dut.

Diskoa bera bezala, gaur Modelo aretoan emango duzun kontzertua ere proposamen  biluzia eta intimoa dela esan al daiteke? Izan ere, pianoarekin ariko zara abesten, Mikel Saenz de Cabezon Aranoa kontrabaxu jotzailearekin batera.
Proposamen biluzia da, bai. Nire ahotsa eta pianoa. Oso urria, artifiziorik gabea, ez baitago nire abestiak sostengatzen lagunduko didan bandarik. Gertukoa, xumea eta intimoa izango da.  Denbora gutxi da bakarka taula gainera igotzera ausartu naizela. Urteak daramatzat abesten eta hainbat taldetan jotzen, baina bakarka horren gauza biluzia egiteak beti ematen dizu halako bertigoa, oso arriskutsua delako. Baina adinak ere hegalak ematen dizkizu ausartzeko eta gogoko dituzun gauzak egiteko, eta arriskuak erlatiboak dira.

Proiektu honi esker, gainera, zerbait zoragarria gertatu zait: nire seme txikienarekin, Mikelekin, batera jotzeko parada izan dut. Elkarrekin zerbait egiteko gogoa bageneukan, eta Silvia Perez Cruzen Mañana abestirako konponketak egiten ari nintzela, kontrabaxua sartzea ongi egongo litzatekeela pentsatu nuen. Hala, proposatu egin nion, eta, azkenean, beste hiru abestitan ere hartu zuen parte. Beste musikariekin jotzea gozamena bada, zure semearekin are bereziagoa.

Ez da herrian ariko zaren estreinako aldia, ezta?
Zarautzekin dudan lotura handiena nire familia eta nire betiko lagunak dira [egun Errioxan bizi da]. Lagun horietako asko, gainera,  gure ikastetxeko beste lagun batzuekin etorri ziren Logroñon egin nuen diskoaren aurkezpenera, eta horrenbeste gustatu zaie lan hau, ezen ez direla geratu ere egin  Modeloko arduradunek deitu nauten arte.  Beraz, hemen baldin banago kontzertu hau eskaintzen, beraiei esker da neurri handi batean.

Aurten aritu naiz estreinakoz Zarautzen, Udako Musikaldian. El Perro Azul antzerki konpainiarekin egiten dut lan pianista gisa, Globe Story ikuskizunean, eta musikagile moduan beste obra batzuetan abuztuan Modelon izan ginen,eta emanaldi polita izan zen. Niretzat hunkigarria izan zen lehen aldiz oholtza horretara igotzea, eta nire adiskideei jaio nintzen herria erakustea.

Orain, ordea, proiektu propioarekin zatoz. Alde horretatik, diferentea izango da, ezta?
Niretzat oso berezia izango da. Maitasun handia jarri dudan proiektua da Autoras, eta horrekin asko ikasteaz gain, hazi egin naiz musikalki. Opari bat da niretzat abesti hauek guztiak sentitzeko nire modua partekatzea nire lagunekin, familiarekin eta etorriko den jendearekin. Emozioen eta urduritasunen nahasketa sorrarazten dit. Badakit asko gozatuko dudala, eta espero dut etortzen direnei herrian kantatzeagatik sentitzen dudan poza eta emozioa igortzeko gai izatea.