Joseba Permach: "Oso garrantzitsua iruditzen zait ekonomiak zientzia sozialaren izaera berreskuratzea"

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 31a, 18:16
Joseba Permach ekonomialari eta soziologoa. (Amaia Urbieta Arruti)

Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarra antolatu dute azaroaren 14rako UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak. Bi urteko maiztasunez antolatzea da asmoa eta lehenengo honetan historia ekonomikotik abiatuta etorkizuna diseinatzen hastea da helburua. Joseba Permach Martin ekonomialari eta soziologoak, adibidez, “Terminator 4.0: robotizazioaz eta enpleguaz hausnartzen” izeneko komunikazioa aurkeztuko du. Unibertsitatea.net atariak elkarriketa egin dio.

Ekonomialari euskaldunen lehenengo biltzarra izango da. Beharrizana zegoen? Zer eraman nahiko zenuke bertatik?
Zorionez, Euskal Herria oinarri eta sare sozial handiko herria bada ere, oraindik herri desegituratua gara. Horregatik euskal komunitatea ahalik eta esparru gehienetan biltzea eta egituratzea funtsezkoa iruditzen zait.

Ildo horretan, ekonomialari euskaldunen lehen biltzarra egitea oso garrantzitsua iruditzen zait gure arteko harremanak sortzeko, sakontzeko eta, ahal balitz, iraunkortzeko eta egituratzeko.

“Terminator 4.0: robotizazioaz eta enpleguaz hausnartzen” izango da biltzarrean landuko duzun gaia. Azkenaldian robotizazioaz eta postuen galeraz asko hitz egin da, mehatxu gisa. Zer dago atzean? Zein da zure analisia?
Burua zizelkatu nahi digute frame edo marko nagusi batekin: robotizazioak milaka enplegu desagertu araziko ditu. Azken aldian gaiari buruzko txostenak ugaldu dira eta establishmentaren komunikabideek aipatu framea barreiatzen ari dira iraunkorki gaiaren inguruko hamaika izenburu eta artikulu publiko eginez. Terminator 4.0 birusa deitu diot gure lanpostu eta bizitzarekin amaitzera omen datorren robotizazio prozesu horri.

Edonola, robotek pertsonok egiten dugun edo egin beharko genukeen lana murrizten dute; eta, beraz, ulertezina da positiboa beharko lukeena negatibotzat jotzea. Etorkizun distopikoaren hedapena ez da soilik telebistan ikusten ditugun telesailen bidez egiten ari, akademian edota etorkizunari buruz txostenak idazten dituztenak ere laguntzen ari dira horretan. Horrek guztiak ondorio sozial oso kezkagarriak ditu; itxaropena eta alternatiba aukerak mugatzen dituelako.

Jakina, interes ekonomiko handiak daude horretarako. Izan ere, Terminator 4.0 birusa irensten badugu, oro har, lan baldintzen okertzea ere onartuko dugu. Roboten aurrean gure lanak balio kualitatiboa galtzen badu, kapitalak aukera izango du lanaren kontrako ofentsiba berri bat garatzeko; eta balio kuantitatiboa eta soldatak murrizten jarraitzeko.

Badira, aurreko ideia nagusia zalantzan jartzen duten bestelako ikerketak ere, baina, jakina, horiek ez dute hainbesteko isla izaten komunikabide nagusietan. Horretaz guztiaz arituko gara lehen biltzar honen komunikazioan.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Unibertsitatea.net