Ekintzailetza sozial kooperatiboa: tokiko komunitateko beharrei erantzuteko eredua

Leire Udabe 2019ko aza. 1a, 11:50

Azken urteetan hainbat txokotatik entzun dugu: "Gure jendarteak alternatibak behar ditu; errealitate ekonomiko eta sozial berriak eraiki behar ditugu kapitalismoa atzean uzteko". Bada, Olatukoop saretik, eta Lakari kooperatibatik ere, - sareko kide garen aldetik- , badugu lanaren burujabetza eta pertsonen emantzipazioa erdigunean jartzeko proposamena. 

Kapitalismoak etorkizun alternatiboa irudikatzeko aukera kendu digu, baina etorkizunak pentsatu eta gauzatzea gure esku dago. Horregatik, ekintzailetza sozial kooperatiboa eredu hartu eta ekonomia sozial eraldatzailean murgildu garen hainbat kooperatiba, elkarte edo bestelako erakundeek, gure sorreratik argi izan dugu gure beharrak aseko dituen ekonomia batean lan egiteko ametsa errealitate bihurtu nahi genuela. Eta egitasmo kolektibo horiek martxan jarri ditugu. Erabakietan eredu demokratikoa bermatuz eta kide guztion inplikaziotik, eraldaketa ereiten ari gara egunez egun. Egia esan, eredu bat baino gehiago da ESE. Eguneroko praktika bat.

Horretarako, azken 4 urteetan ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko lanean gabiltza. Eta zer den hori? Bada, tokiko komunitateko (auzoa, herria, eskualdea...) beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen den ekintzailetza-eredua da. Ekintzailetza-eredu neoliberalaren logikatik aldendu eta (sozio)ekonomia bizitzaren eta pertsonen beharrak asetzera bideratzea jartzen du erdigunean. 

Bi klabe nagusitan eraikitzen da eredu hau, hortaz: batetik, kooperatibagintza, eta berekin dakartzan balioak (gizarte eraldaketarako bokazioa, interkooperazioa eta lankidetza, izaera kolektiboa, parte-hartzea, etab.) oinarrian daude; eta, bestetik, garapen komunitarioa. Horrela, lurraldean sustraitutako ekonomia sustatzen da (tokiko beharretatik) eta tokiko ekosistema kooperatiboak eta kolektiboak sustatzea eta indartzea du helburu, harreman-sare erresiliente eta jasangarriak sortuta. 

Proposatzen dugun paradigma aldaketa horretarako, alta, esparru publiko-komunitario-kooperatiboa martxan jartzea beharrezkoa da; hots, sare kooperatiboaren, komunitarioaren eta publikoaren arteko harremanaren lanketa sakon bat egiteko garaia da. Eta, noski, kapitalismoak sistematik baztertu dituen sektoreek parte hartze orekatu bat izan dezaten bermatzea ere ezin dugu ahantzi.

Urola Kostan eta Zarautzen badugu hainbat erronkari modu eraldatzailean erantzuteko beharra: zaintza, etxebizitza, elikadura, turismoa, etab. Eta, azken finean, lan duinak sortzeko beharra. Horrenbestez, gure bizitzak erdigunean jarriko dituen tokiko garapen estrategia eraldatzaileak martxan jartzeko garaia da (bai ehun ekonomiko sozial eta eraldatzailetik, bai herrigintzatik, bai udalgintzatik).

Erronkei aurre egiteko modu onena, herritar eta komunitate formatua izatea da. Komunitatean gertatzen diren harreman eta dinamika ekonomiko eta sozialak ulertu eta eskura dauden aukera eta tresnekin lan egingo duten herritarrak formatzea da egin beharreko oinarrizko lanetako bat. Ez dago burujabetzarik pertsona formatu eta burujaberik gabe.

Eta horretara dator, KoopFabrika programa (www.koopfabrika.eus), hain zuzen ere, argi baitugu tokiko ekosistema kooperatiboak eraikitzeko subjektua eta tresnak behar ditugula. Bertan, formazioa, tresnak, saretze-ekimenak, erreferentziazko proiektuetara bisitak eta akonpainamendu pertsonalizatua da eskaintzen dena. 

Beraz, eskualdeko beharrei erantzuten hasteko eta proiektu zein bizitza bizigarriak lantzeko, eman izena Koopfabrikan! #BadagoAldea