Oteiza Arantzazun Arantzazu Oteizan

Jorge Oteiza. Oteiza Museoko artxibotik. (Maritxu Urteta)

Aurten 111 urte bete dira Oteiza jaio zenetik, eta 50, bere obrarik esanguratsuena Arantzazuko basilikan jarri zuenetik: 14 Apostoluak eta Pietatea.

111 urte bete dira Jorge Oteiza jaio zenetik, eta 50, bere obrarik esanguratsuena bukatu zela. Orduko Obispoak lanak galarazi eta 15 urte bide bazterrean egon eta gero jarri zituzten 1969an Arantzazuko apostoluen frisoa eta Pietatea. Erlijio eta arte aldetik ez ezik, sinbolikoki ere inportantzia ikaragarria du euskaldunontzat geroztik Arantzazuk.

Oteiza Arantzazun

1950ean hasi zen Oteizaren Arantzazuko historia. Frantziskotarrek lehiaketa bat antolatu zuten, basilika berritu eta handitzeko beharra ikusita.   Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek osatutako taldeak irabazi zuen lehiaketa. Urte bereko irailaren 9an, Arantzazuko egunean, hasi zituzten gaur egun ezagutzen dugun basilika arantzaduna eraikitzen. Urtebete geroago, arkitektoek fatxadarako zuten asmoa azaldu zuten: Ama Birjinaren irudi bat izango zen, eta fatxadako hamabi apostoluen tailaz osatutako friso batean oinarrituko zen. Hori Jorge Oteizak egingo zuen; beste zenbait eskultoreren artean aukeratu zuten. 1951ko udan hasi zen Oteiza proiektuan. Hasieran aurkeztutako egitasmo hartatik, bozeto, proba eta diseinu desberdin ugari egin zituen. Jorgerentzat ardura handia zen, eta arkitektoekin eta frantziskotarrekin elkarlanean aritu zen hasieratik. Kontuan hartzekoa da, frantziskotarrak herriz herri eta baserriz baserri ibili zirela diru eske, baita Aian eta Orion ere, santutegia eraikitzeko. Arantzazun ez ezik, aurretik Madrilen ere lanean aritu zen Oteiza bere obra zehazten. Besteak beste, orduan erabaki zuen 12 beharrean 14 apostolu jartzea.

1953an, lehen aldiz, Oteizaren eskulturekiko errezeloak sortu ziren frantziskotarren artean. 1954ko ilbeltzean, informazioa eskatu zuen, formalki lehendabiziko aldiz, Donostiako elizbarrutiko bikario jeneralak, eta 1955eko udan lanak gerarazi zituzten Erromako Arte Sakratuaren Pontifize batzorde zentralak egindako txosten batean oinarrituta. Uztailaren 1ean Oteizak Arantzazu abandonatu zuen, eta abuztuaren 30ean bedeinkatu eta zabaldu zuten basilika, apostolu eta pietaterik gabe. Santutegirako errepide bazterrean abandonatuta geratu ziren ordurako tailatuta zeuden lau apostoluak eta harrizko beste blokeak.

1961. urtetik aurrera, ordea, galarazpenaren kontrako ahotsak entzuten hasi ziren, batean eta bestean. Presio horien ondorioz, eta joan-etorri batzuen ondoren, 1966an, agintari erlijiosoek behin betiko baimena sinatu zuten Oteizak basilikako fatxadan estatuaria jartzeko. Hala eta guztiz ere, 1968ko azaroa arte ez zen Oteiza Arantzazura itzuli. Azkenik, hargin artean kasik urtebeteko lana egin ondoren, 1969ko urriaren 21ean, bere urtebetetze egunean, Pietatea jarri eta hil bereko 25ean bukatutzat eman zuen obra Oteizak.

Arantzazu Oteizan

Oteiza Arantzazuko estatuaria egiteko aukeratu zutenean, haren obra abstrakzio fase batean zegoen. Horregatik, irudikapen erlijiosoko enkarguari modernitatetik hurbiltzeko ahalegina egin zuen. Elena Martin Oteiza Museoko kontserbatzailearen arabera, Oteizak hiru ideia nagusi uztartu nahi zituen Arantzazun: Ideia eskultorikoa, bere bide artistikoari zegokiona; ideia erlijiosoa, enkarguari berari zegokiona; eta ideia sinbolikoa, iruditeria kolektiboari zegokiona.

Lehenengo ideiari dagokionez, eskultorea masaeskulturatik energia-eskulturarako pausoa definitzen zebilen; bere ustez, zenbat eta txikiagoa izan materia ukigarriaren proportzioa, hainbat eta aktiboagoa baitzen horri zegokion espazio librea. Figuraziotik abstrakziora bidean zebilen, dagoenaren eta ez dagoenaren arteko talka ikertzen konflikto etengabean. Hustasun aktiboak aurkitzea zen bere xedea, zerbait esaten zuten hustasunak. Bilakaera horren hasiera, Iruñeko Gaztelu plazan dagoen Unitate hirukoitz eta arina (jandako sagar baten forma duena) obra izan zela esan daiteke, 1950ean egina.

Bigarren ideiaren barruan, enkargu erlijioso bat zenez, bueltaka ibili zen bozeto desberdinekin. Adibidez, Ama Birjinarekin proba asko egin zituen: Umea altzoan zuela molde figuratiboan (garai hartakoa da, Kukuarriko Ama Birjinaren lehenengo bertsioa, 1953koa); Jasokunde moduan zeruratze bidean; eta, azkenik, Pietate moduan, haurra lurrean etzanda.

Hirugarren ideiari dagokionez, esan beharra dago garai hartako fatxadan Ama Birjinaren inguruan erliebe batzuk jartzea aurreikusi zuela. Erliebe horiek elementu sinboliko ugari zituzten, zeinak euskal gizartearen iruditeria kolektiboan zeuden. Diseinu eta probetan ikus daitekeenez, erliebe horietan besteak beste, nekazariak, bertsolariak eta dantzariak marraztu zituen, Angelusa errezatzen, bertsotan edo Makil-dantza dantzatzen.

Jarraitu erreportajea irakurtzen karkara.eus atarian.