Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak artista taldeak 'Izendatu...' aurkeztuko du Burgosen

Arte instalazio bat eta, horrekin lotuta, bi performance saio eskainiko dituzte; erakusketa azaroaren 16tik 23a bitartean egongo da zabalik.

Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldeak Izendatu... izeneko arte instalazioa jarriko du erakusgai Burgosko CABen (Centro de Arte Contemporáneo de Caja de Burgos), azaroaren 16etik 23ra. Horrekin batera, bi performance saio egingo dituzte lehen bi egunetan.

“Gure instalazio artistikoan –erakusketan eta performancean–,  migranteen auziari eta, oro har ,lekuz aldatzera, gizatasunezkoak ez diren baldintzetan bizitzera eta ondorioz bazterketa sozialaren arriskupean irautera behartuta dauden pertsonen arazoari heldu nahi genioke", aditzera eman dute.

Instalazioa osatuz, Beñat Gerekak zuzenduriko Basotik Itsasora dokumentala izango da ikusgai eta Kenyako Bamba Home (Kabarnet Rift Vallery) umezurztegiko haurrek egindako fitxak eta koadernoa.

Azaroaren 16an eta 17an performance bana eskainiko dute; lehen egunean, 19:00etan, eta bigarrenean, 12:00etan. Performerrak ondorengoak izango dira: Estefania Alvaez Berain, Arantxa Arruti Odriozola, Itzi Artetxe Elorza, Viola Egeter, Marikruz Etxeberria Iraola, Maribi Legarra Sarasola, Lara Leon Onaindia, Begoña Moreno Calleja eta Amaia Zulaika Barreras. Koordinatzaile lanetan Helena Ayerbe Gartxotenea aritu da.

Burgosko instalazioaren eta performance saioen ondoren, proposamen artistikoa Zarautzen eta Euskal Herriko beste zenbait herritan ere erakusteko asmoa duela jakitera eman du Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldeak.