Toldotxoren hilabetea izango da azaroa

Toldotxo pintxoa. (Aritz Mutiozabal)

Pintxoa prestatzen ikasteko tailerrak egingo dituzte ostegunetan eta azaroaren 30ean Txapelketa Herrikoia antolatu dute.

Azaroa, Toldotxoren hilabetea egitasmoa jarri du martxan Zurekin Ostalari Elkarteak, Zarauzko Udalarekin eta Eroskirekin elkarlanean. Hori horrela izan dadin, bi jarduera nagusi antolatu ditu herriko pintxoaren inguruan: bata, Toldotxo nola prestatu ikasteko tailerrak dira, eta bestea, berriz, Toldotxo pintxoaren Txapelketa Herrikoia. Bi ekimen hauez gain, azaroan taberna edo jatetxetan Toldotxo pintxoa eskatzen duen orok kamiseta bat jasoko du opari du.

Pintxoa prestatzen ikastaroak ostegunero emango dituzte, Eroskiko ikastaro aretoko sukaldeetan, 18:30etik aurrera. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena Eroskiko harreran, Zarauzko Turismo Bulegoan (Kale Nagusia 30) edo zurekinostalarielkartea@gmail.com helbidera idatzita.

Txapelketa Herrikoia, berriz, azaroaren 30ean izango da. Merkatu plazako lehen solairuan jokatuko da, 12:00etatik aurrera, eta parte hartzaile bakoitzak bi Toldotxo pintxo prestatu beharko ditu, uneoro osagaiak eta itxura errespetatuz. Antolatzaileek platerak, zotzak, sua eta kozinatzeko materiala jarriko dituzte, eta parte hartzaileek osagaiak etxetik prest ekarri beharko dituzte, legatza izan ezik; hori bertan prestatu beharko da.

Ordu laurdeneko txandak


Txapelketan 15 minutuko txandatan kozinatuko dute parte hartzaileek, eta txanda bakoitza 4 pertsonakoa izango da. Pintxoa aurkezteko hurrenkera zozketa bidez erabakiko dute, txapelketa hasi baino ordubete lehenago; 11:00etan, hain zuzen ere. Parte hartzea librea eta doakoa da. baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, plazak mugatuak direlako.

Interesa dutenek azaroaren 28a baino lehen eman beharko du izena zurekinostalarielkartea@gmail.com helbidera idatzita, edo Zurekin elkarteko taberna eta jatetxe hauetan: Argiñano, Euskalduna, Iruña, Itsaski, Itxas-Lur, Salegi eta Txiki-Polit. Errezeta eta osagaien zerrenda aipatu bideetatik jaso daiteke, baita Zarauzko Turismo Bulegoan (Kale Nagusia 30).

Sariak Zurekin elkarteko taberna eta jatetxeetan gastatzeko 300, 200 eta 100 euroko bonoak izango dira, hurrenez hurren, lehen hiru sailkatuentzat. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzak oparitxo bat jasoko du.