Bi garaipeneko asteburu bikaina Ulacia saskibaloiarentzat

(Zast)

Jardunaldi bikoitza izan du Ulacia taldeak asteburu honetan. Bi partidak irabazita, borobil atera zaie asteburua, eta EBA ligako sailkapenaren erdialdean kokatzea lortu dute.

Lan handia zuen Ulacia saskibaloiak aurreko asteburu honetan, bi neurketa baitzituen jokatzekoak, bat Santu Guztien egunean, eta bestea astearen amaieran, igandearekin. Asteburua igarota, nabarmendu beharrekoa da bikain gainditu duela erronka bikoitz hori, bi norgehiagoka horietan gailendu baita.
Etxean zuen lehendabiziko partidua, Santu Guztien egunekoa, Valladolideko CB La Flecharen aurka. Ez zen partidu erraza, kanpoko taldea oso dinamika onean baitzetorren Aritzbataldera, baina Zarauzko taldea hasiera-hasieratik gailendu zen markagailuan, bere talde-defentsa paregabean oinarrituta. Partiduko lehen 30 minutuak jokatu ondoren, 37 puntu baino ez zituen onartu talde zarauztarrak bere saskian. Azken laurdena izan zen galdu zuen bakarra, 28 puntu jaso ondoren, kanpoko talde ondo landuaren amaierako ahaleginaren aurrean. 

Amaierako markagailua 74-65 izan zen etxeko taldearen alde, eta nabarmendu behar da, defentsako lanean ez ezik, erasoko jokoan ere fin aritu zela talde zarauztarra, jokalari guztiek sartu baitzituzten puntuak. Albiste ona da hori, inondik ere, taldeak baliabide-sorta zabala duela erakusten baitu.

Etxetik kanpoko lehen garaipena

Igandean zuen Ulaciak asteburuko bigarren partidua, Santanderren, eta ostiralean baino alde handiagoz irabazi du Arha Hoteles taldearen aurka. Etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu du, markagailuan partiduko lau laurdenetan nagusitu ondoren. Neurketaren azken emaitza 61-80 izan da.
Igandeko partiduan ere, berriro erakutsi ditu aurreko partiduko ezaugarri berak: taldeko defentsa saiatua, eta jokalari guztien ekarpena erasoan. Erasoko joko horretan, berariaz nabarmendu dira Julen Egaña hegalekoa, 20 puntu saskiratuta, eta Aitzol Eguzkitza hegal-pibota, 18 puntu saskiratuta.
Asteburuko emaitzen ondoren, bere kategoriako sailkapenaren erdialdean kokatu da Zarauzko taldea, eta bultzada ederra hartu du etorkizunari ilusioz begiratzeko.