Azaroaren 24an abestuko du Mantxik Txapelketako finalaurrekoan

(Bertsozale Elkartea)

Larunbatean Azkoitian jokatutako bosgarren final-laurdenarekin erabakita gelditu da finalaurrekoetan abestuko duten bertsolarien zerrenda. Finalaurreko bakoitzean nork abestuko duen ere larunbatean erabaki zen.

Finalaurrekoetara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, larunbatean izan zen bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta erabaki gelditu ziren finalerdietako hiru saioak. Aurrez jakina zen moduan, Iñigo Mantzizidor Mantxik lortu du hurrengo faserako txartela bere saioan bigarren eginda, 484 punturekin. Felix Zubiak, aldiz, ez du txartelik lortu, 423,5 puntu lortu baitzituen.

Hiru finalaurreko izango ditu txapelketak, eta asteburu bateko etenaren ostean iritsiko dira. Lehen saioa Arrasaten izango da azaroaren 17an. Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia Oiartzunen izango da eta bertan kantatuko du Mantxik, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz eta Beñat Gaztelumendirekin batera. Hirugarren eta azken saioa, berriz, Tolosan izango da, eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek abestuko dute.

Azpeitiko saioarekin "gustura" geratu zen bertsolari zarauztarra, aurreko saioetan ez bezala, kontzentrazioak ez ziolako hutsik egin. "Kartzelakoan apur bat erori banintzen ere, kontzentrazioari eutsi niolako atera zitzaidan saio borobil antzekoa. Kantukideak ere oso ondo aritu ziren eta horrek laguntzen du".

Finalaurrekoari aurre egiteko gogoz dago Mantxi. "Bultzada handia eman dit final-laurdenean horren eroso aritu izanak". Saiorako egokitu zaizkion bertsokideekin ere gustura dago, eta asmoei dagokienez, finala hitz potolotzat dauka. "Eskailerako mailak banaka igo behar izaten dira eta hau igotzen ere ahaleginduko gara, baina oso zaila izango da.

Hiru finalerdien irabazleak nahiz puntuazio onena lortzen duten beste bost bertsolari izango dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalean. Datozen saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian, eta txapelketaren inguruko informazio osagarri guztia, Bertsozale Elkartearen webgunean topa daiteke.