Baztertze arriskuan daudenen arreta zerbitzua eztabaidagai

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 4a, 13:02

Osteguneko ohiko osoko bilkuran hizketagai izan zuten berriro baztertze arriskuan dauden pertsonei eskaini beharreko arreta zerbitzua. EH Bilduk jarri zuen mahai gainean gaia, baina ez zen aurrera atera hark proposatutako mozioa.

Iaz hautsak harrotu zituen Zarauzko Udalean baztertze arriskuan dauden pertsonen egoerari erantzuteko eztabaidak. Aurreko osteguneko urriko ohiko osoko bilkuran berriro heldu zioten gaiari udal taldeek.
 
EH Bilduk eskatu zuen pertsona horiei arreta eskaintzeko "eguneko eta gaueko egoitza integral bat" martxan jartzeko urratsak ematen hastea, mozio baten bidez. Horrez gain, egoitza hori izan bitartean, behin-behineko gaueko arreta zerbitzua berriro abian jartzeko eskatu zuen, neguko hilabeteetarako. "Herri solidarioa izan nahi badugu, horretarako borondate politikoa izan eta pausoak eman behar ditugu", adierazi zuen Itziar Murua udal taldearen ordezkariak. 

Mozioak aurkako hamaika boto eta aldeko zortzi izan zituen. EAJ eta PSE-EE udal taldeak agertu ziren aurka, eta Podemos EquoBerdeak koalizioak aldeko botoa eman zuen.

Jesus Arana Gizarte Zerbitzuetako EAJko zinegotziaren arabera, hainbat arrazoirengatik bozkatu zuten ezezkoa: "Adostasunetik harago dago EH Bilduren proposamena. Ez dio arazoari benetako konponbiderik eskaintzen eta berekoikeriaz egindako eskaera da". Aranak EH Bilduri egotzi zion Urola Kostan alkatetza duten beste herrietan halako ezer ez proposatu izana. "Argazkia beste era batera ikusten da gobernuan zaudenean". Horrez gain, aldundiarekin gaia dagoeneko lantzen ari direla azaldu zuen, eta jakinarazi zuen adostu dutela konponbidea eskaini ahal izateko  proiektu pilotu bat garatzea.

Gloria Vazquez PSE-EEko bozeramaileak gogorarazi zuen eman beharreko zerbitzuaren zati bat bakarrik eskaintzen zuela 2011tik 2018ra martxan izan zen Neguetxek, eta "ezer ez eskaintzea baino hobea" dela uste badu ere, Urola Kostako herri guztien artean konponbide «oso bat» bilatu behar dutelakoan dago. "Konponbide hori lortzeko beharrezkoa da denok ados jartzea, oso gai konplikatua delako". Azaldu zuen Zarauzko Udalak ez duela gaiaren aurrean beste aldera begiratu nahi, baina "kontraesankorra" iruditu zitzaion EH Bilduren mozioa,  ardura Udal Elkartearena dela esan ondoren, neurriak hartzeko eskaera Zarauzko Udalean egiteagatik.

Podemos EquoBerdeak koalizioko ordezkari den Oihane Delgadok azaldu zuen pertsona horiei lotarako lekua eskaintzea ez dela nahikoa. "Zerbitzuaren helburua izan behar du pertsona horiek berriro gizartean integratzea, eta horretarako lan handia egin behar da". Horren lanketa bideraturik dagoenaren jakitun, eskualde osoan proiektu hori garatzen ari diren bitartean negu honetarako behin behineko konponbidea eskaintzearekin bat azaldu zen udal taldea.