'Lainoa' da Ramon Serras Argazki Lehiaketaren aurtengo gaia

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 5a, 16:37
Iazko Ramon Serras Argazki Lehiaketako saridunak. (Hitza)

Lanak abenduaren 2a bitartean aurkeztu daitezke Euskalduna tabernan edo Turismo Bulegoan. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 20an egingo dute.

IV. Ramon Serras Argazki Lehiaketa abian da jada. Zarauzko Argazkizale Elkarteak kaleratu ditu oinarriak, eta aurten Lainoa izango da landu beharreko gaia. Ohi bezala, edozein mailatako argazkilariek parte hartzeko aukera izango dute, argazkizale nahiz profesional izan. Abenduaren 2ra arte izango da lanak aurkezteko aukera.

Gehienez ere lau lan aurkez ditzake lehiakide bakoitzak. Lanaren alderik txikienak gutxienez 18 cm izan beharko ditu; lan guztiak 40x50 cm-ko euskarri edo passe-partout batean muntatuta egongo dira (gehienez 3 mm-ko lodiera). Lanak Euskalduna tabernan edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira, eta laborategiko edozein manipulazio edo teknika onartuko da, baita argazkilaritza digitalekoak ere, baina obrak paperean aurkeztu beharko dira.

Sariak eta sari banaketa

Argazkilaritza munduko profesional adituek osatuko dute epaimahaia, eta erabakia abenduaren 20an jakinaraziko dute Euskalduna tabernan, 18:30ean egingo duten sari banaketa ekitaldian. Era berean, epaimahaiak aukeratutako obra onenekin erakusketa bat zabalduko da egun horretan bertan, eta urtarrilaren 30era arte izango da ikusgai

Lehen saria 600 euro eta oroigarria izango dira; bigarren saria, 300 euro eta trofeoa; eta hirugarrena, 200 euro eta oroigarria. Zarauztar onenek ere jasoko dituzte sariak: Turismo Bulegoaren eskutik, 200 euro eta oroigarria argazkirik onena atera duen zarauztarrak, eta bigarrenak, berriz, 100 euro.