Ana Galarraga eta Oier Aranzabal, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalisten artean

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 6a, 09:55
Ana Galarraga eta Oier Aranzabal.

Andoaingo Udalak antolatzen du sariketa, eta datorren azaroaren 28an egingo du sari-banaketa ekitaldia. Kazetaritza saria jasotzeko hautagai da beste hainbaten artean Ana Galarraga zientzialari zarauztarra. Oier Aranzabal, aldiz, Komunikazio sariaren finalista izendatu dute.

Epaimahaiak jakinarazi ditu dagoeneko 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalisten izenak. Bi sari banatuko dituzte aurtengoan: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Eta sari bakoitzerako launa finalista izendatu dituzte.

Ana Galarraga zientzialari zarauztarra dago Kazetaritza saria jasotzeko hautagaien artean, Elhuyar aldizkarirako Iraultza txikien lekukoak atalagatik. Galarragaz gain, Komunikazio sarirako hautagai da Oier Aranzabal zarauztarra ere. Hain zuzen, zuzeu.eus-eko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen podcastengatik aukeratu du epaimahiak.

Epaimahaiak aurten lehen aldiz izendatu ditu finalistak, eta azaroaren 28an Andoaingo Bastero antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldian jakinaraziko ditu zeintzuk diren 2019ko sariketaren irabazleak. Sari bakoitzaren garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu. Andoaingo Udalak antolatzen ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Aurtengo epaimahaia hainbat unibertsitate irakaslek eta komunikazioan adituk osatu dute, hala nola Jose Inazio Basterretxeak, Aingeru Epalzak, Itxaro Bordak, Maite Goñik, Elixabete Larrinagak, Ion Muñoak eta Jon Sarasuak.