Nagore Martinez: "Emakume presoentzat jarduera fisikoak eta kirolak zuen esanahia ezagutu nahi nuen"

Nagore Martinez. (Aritz Mutiozabal)

Nagore Martinez zarauztarrak 2018an defendatu zuen bere nazioarteko doktoretza tesia, 'Jarduera fisiko eta kirolaren esanahiak espetxean: emakume presoen ahotsak argitara'  izenburupean. Unibertsitatea.net atariak elkarrizketa egin dio.

Nagore Martinez (Zarautz, 1990) zarauztarrak Gasteizen ikasi zuen Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientziak (UPV/EHU). Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Ikerketaren masterra egin zuen gero eta master amaierako lanean hasi zen emakume atxiloentzat espetxealdian jarduera fisikoak zuen esanahien inguruan ikertzen. UPV/EHUko Oidui Usabiaga eta Valentziako Unibertsitateko Daniel Martosen zuzendaritzapean egin zuen.

Hasitako lana jarraitzeko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Doktoretza programan izena eman zuen. 2015ean Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza Aurreko beka jaso zuen eta 2018ko uztailean defendatu zuen nazioarteko doktoretza tesia: "Jarduera Fisiko eta Kirolaren esanahiak espetxean: emakume presoen ahotsak argitara".

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioan egin zuen lan, "Eskola Kirol Inklusiboa" Proiektua koordinatzen. 2018ko abenduan UPV/EHUn ordezkapenak egiten hasi zen eta egun, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Musika, Plastika, eta Gorputz Adierazpenaren Didaktikaren Sailaren barruan.

Espetxeratutako emakumeak eta jarduera fisikoa. Horixe izan duzu ikergai tesian.

Bai, egia esan nahiko gai ez-ohikoa da gure ezagutza esparruan, baina jarduera fisikoak eta kirolak izan dezaketen inpaktu sozialaren inguruan ikertzeko nahi bati erantzun nahi genion lanarekin. Eszenatoki zehatz batean: espetxeratutako emakumeak.

Adin txikiko zentro batean kirol esku-hartze bat egin nuen eta jarduera fisikoak eta kirolak askatasun eta askatasunik gabeko egoeran esanahi eta eragin desberdina izan zezakeela pentsatzera eraman ninduen. Master amaierako lana egiteko gai aproposa iruditu zitzaidan baina aldagai bat gehituta: generoarena. Espetxea eta jarduera fisikoa hitzak elkartzean gizonezkoaren irudia da lehenengo burura datorkiguna eta nik argi nuen emakumeen errealitatean sakondu nahi nuela. Batetik gai honetaz oso gutxi dakigulako, eta bestetik, kirola eta kartzela androzentrikoak izanda emakumeek arreta berezia behar zutela uste nuelako.

Zorte handia izan nuen gaia ikertzen hasi behar zuen lan talde batean sartu nintzelako. Bertan zeuden Oidui Usabiaga eta Daniel Martos zuzendari lanetan eta Nerian Martin doktoretza egiteko hastear.

Zenbat emakume espetxeraturen esperientzia jaso duzu? Nolakoa izan da prozesua?

Espetxealdia bizi izandako 16 emakumeren ahotsak jaso dira doktoretza-tesiaren emaitzak osatu dituzten sakoneko elkarrizketetan. Espetxeaz ikertzea ez da lan erraza. Batetik espetxearen beraren irmotasuna dago eta bestetik gizartean duen estigma. Gainera emakumeak espetxeratutako pertsonen gutxiengoa dira eta horri jarduera fisikoa eta kirola espetxean praktikatzea eta gaiaren gaineko ikerketa batean parte hartu nahi izatea gehitzen badizkiogu…zer esanik ez!

Gure lehen asmoa ikerketa espetxean egitea zen baina baimena lortzea ezinezkoa zenez beste estrategia bat erabili behar izan genuen informazioa lortzeko: momentuan espetxean ez zeuden emakumeak elkarrizketatzea. Horretarako preso ohiekin lan egiten duten elkarteekin jarri ginen harremanetan. Hauen bitartez lortu genituen lehen elkarrizketatuak eta gero "elur bolaren" eraginez joan ginen gainontzeko elkarrizketatuak lortzen.

Elkarrizketa prozesua makal joan bada ere oso aberasgarria izan da. Pertsonalki, emakume desberdinak ezagutzeko aukera eman dit eta asko ikasi dut beraiekin. Eta noski, beraien testigantzarik gabe ez zen ikerketarik egitea posible izango, beraz, beste behin eskerrik asko.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Unibertsitatea.net atarian.