Irla bihurtutako Putzuzuloa

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 7a, 08:00
Putzuzulo okupatu zuteneko prentsaurrekoaren une bat. (Hitza)

Hamalau urte igaro dira Putzuzulo gaztetxea okupatu zutenetik. Eraikina eraisteko atzera kontaketa hasia dago, eta galdera ikur asko daude proiektuaren etorkizunaren inguruan.

Hilabete berezia izan zen 2005eko urria Zarauzko gazte mugimenduarentzat. Euskal prentsarekiko atxikimendua sentitzen zuten herritarrak Egunkaria auziaren inguruko borrokan zebiltzan garai berean, Xakela asanblada sortu zen; hain zuzen, Manuela gaztetxeko proiektua bertan behera geratu eta bost urtera. 

Gazteek «biltzeko, eztabaidatzeko, ikasteko eta irakasteko» behar zuten espazioa aldarrikatzen zuen Xakelak, "hilik dagoen herria piztu nahi duen proiektua" zuten esku artean, haien hitzetan.
Herriko hamaika eragileren babesa lortu zuen antolakundeak. Tabernek, merkatariek, elkarteek, aktoreek, bertsolariek, idazleek, musika taldeek eta hainbat norbanakok egin zuten bat aldarrikapenekin, udalaren erantzunaren aurrean "okupazioa beste biderik ez" zitzaiela geratzen esanez. Guztira, 1.400 sinadura bildu zituzten, eta Badator kanpaina jarri zuten abian.

Asmoetatik ekintzetara igaro eta, urriaren 30ean, igandearekin okupatu zuten Lizundia oihal fabrika izan zen eraikina. Xakelak antolatutako bolo txapelketaren ondoren, trikitilariek gidatutako kalejira batean sartu ziren eraikin abandonatura ehundik gora gazte. Eraikinaren jabeak salaketa jarri zuen, eta handik egun batzuetara udalak prentsa ohar bidez azaldu zuen gatazkari irtenbidea aurkitzeko elkarrizketarako prest zeudela, betiere azpimarratuz "indarkeria jarrerak lokal pribatuen edo publikoen jabetzan" ez direla ulermenerako bideak.

Lehen aste haietan ekitaldi eta ekintza ugari egin zituzten Putzuzulon, espazio haren beharra aldarrikatzen jarraitzeko eta proiektuari ikusgarritasuna emateko.


Tratua tratu

Eraikinaren jabeak jarritako salaketak zirela eta, epaitegietara ere joan ziren Xakelako kideak abenduan, baina absolbitu egin zituzten. Horren harira, Zarauzko Udala akordio batera iritsi zen eraikinaren jabe den enpresarekin, eta  une hartan baldintza bakarra jarri zion udalak Xakelari: Salberdingo proiektu estrategikoa egin bitartean gera zitezkeela bertan.



Harrezkero izan diren udal gobernuekin harremanetan egon da Xakela, baina inorekin ez da akordio finko batera iritsi. Salberdingo etxebizitzak eraikitzeko proiektua martxan dago dagoeneko, eta Putzuzuloren inguruko eraikin guztiak eraitsita daude. Lizundia oihal fabrika ohia da zutik geratzen den bakarra. Egungo gobernuarekin ez du akordio jakinik Putzuzulok oraingoz, eta eraikina eraisteko data oraindik finkoa ez bada ere, atzera kontua martxan dago. 

Hamalau urte igaro dira udal gobernuarekin hitzarmenera iritsi zirenetik, eta Xakela asanbladak kontzertuak, jaialdiak eta ekintza alternatiboak antolatzen jarraitu du urte hauetan guztietan. Xabier Txurruka alkateak hauteskundeak irabazi aurretik "elkarrizketarako prest" zegoela azaldu zuen, baina oraingoz, ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin.

14. urteurreneko egitarauak aurrera darrai


Ohitura bihurtu den moduan, okupazioaren astean hasi ziren ekitaldiekin Xakela asanbladako kideak. Oraindik bada zer ospatua, ordea, eta gaur jarraituko du egitarauak. 21:00etan jantoki beganoa izango da Putzuzulon, eta larunbatean berrartuko dute festa arratsaldean futbolera, tokara eta boloetara jolastuz. 22:00etatik aurrera Pelaxen kontzertua, karaokea eta DJa izango dira gaztetxean.

Datorren asteartean, azaroaren 12an, Üther eta Ekrixi taldeen kontzertuak izango dira, 21:00etan. Ospakizunak hilaren 16an, larunbatarekin, borobilduko dituzte. 21:30etik aurrera, Arrotzak, Tenue, Solid Lines eta Nightwatches taldeen kontzertuak izango dira Putzuzulo Amets Fabrikan.