Zarauztik Burgosera, kontzientziak astintzera

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 11a, 10:00

Pertsona migranteen egoeraren inguruko sentsibilizazioa helburu duen arte instalakuntza aurkeztuko du Burgosen Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldeak. Arte kontzeptuala landu dute, eta azaldu dutenez, beraien lanak irakurketa "filosofiko, sozial eta politikoa" dauka.

Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldeak Izendatu... izeneko arte instalazioa jarriko du erakusgai Burgosko CABen (Centro de Arte Contemporáneo de Caja de Burgos), azaroaren 16etik 23ra. Horrekin batera, bi performance saio egingo dituzte lehen bi egunetan.

“Gure instalazio artistikoan –erakusketan eta performancean–,  migranteen auziari eta, oro har , lekuz aldatzera, gizatasunezkoak ez diren baldintzetan bizitzera eta ondorioz bazterketa sozialaren arriskupean irautera behartuta dauden pertsonen arazoari heldu nahi genioke", aditzera eman dute.

Instalazioa osatuz, Beñat Gerekak zuzenduriko Basotik Itsasora dokumentala izango da ikusgai eta Kenyako Bamba Home (Kabarnet Rift Vallery) umezurztegiko haurrek egindako fitxak eta koadernoa. Fitxa horiek Maite Aizpurua Aizpurua zarauztarrak jaso ditu, eta Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldeko kideek hark egindako lanarekin osatu dute beraien instalazioa.

Azaroaren 16an eta 17an performance bana eskainiko dute; lehen egunean, 19:00etan, eta bigarrenean, 12:00etan. Performerrak ondorengoak izango dira: Estefania Alvaez Berain, Arantxa Arruti Odriozola, Itzi Artetxe Elorza, Viola Egeter, Marikruz Etxeberria Iraola, Maribi Legarra Sarasola, Lara Leon Onaindia, Begoña Moreno Calleja eta Amaia Zulaika Barreras. Koordinatzaile lanetan Helena Aierbe Gartxotenea aritu da.

Udalak antolatutako ahalduntze eskolako ikastaro batetik sortu zen Mugarik Gabeko Emakumeak / Arimadun Emakumeak taldea, eta prentsaren aurreko agerraldian azaldu zutenez, ez zuten inondik espero beraien lana jendaurrean aurkezteko halako aukerarik suertatuko zitzaienik. Ayerbek azaldu du arte kontzeptuala dela beraiek egin dutena, eta irakurketa sozial aldarrikatzailea bultzatu nahi dutela horrekin. "Jendea egoera konprometituan jarriko dugu, baliteke apur bat gogaitzea une batzuetan, baina hori da hartu nahi dugun jarrera artistikoa", azaldu du Aierbek.

Besteak beste, hizkuntzaren hibridazioarekin eta errepikapenekin jolastu dute, eta obra partehartzaile bat egin dute, abstrakzioa eta errealismoa nahastuta. "Gauza batzuk oso ondo ulertzen dira eta besteak jendeak interpretatu beharko ditu. Hori interesgarria da, obra sozial batean ezin duzulako dena egin da eman, ezta dena abstraktua egin ere".

Beste arte diziplina batzuetan esperientziarik baduten arren, lehenengo aldiz murgildu dira arte kontzeptualaren munduan. Aierberen ustez ez da erraza arte mota hori lantzea, jendeak kalean "baztertu" egiten duelako. "Bisualki ez da polita, filosofia irakurketa sakon eta interesgarria du atzetik, baina jendeak ez du hori ulertzen, parean jartzen dietena bakarrik ikusten du".

Taldea osatzen duten hamar kideek lan handia egin dute eta horretan ari dira oraindik ere. Aste honetan bidaiatuko dute Burgosera, eta apur bat urduri dauden arren, lan txukuna egingo dutela espero dute. Aurrera begirako asmoak oso garbi ez dituzten arren, nahiko lukete instalazio bera Zarautzen aurkeztu, eta horren ostean, baita Euskal Herriko beste hainbat herritan ere.