Dantzarekin gozatzera, azken eguna bailitzan

Zutik, Maite Orbegozo, Ane Lazkano eta Xenki Ameztoi, eta makurtuta, Julen Mateo. (Aritz Mutiozabal)

Donostiako Bamboo dantza taldeak World of Dance dantza urbanoen txapelketan parte hartuko du bihar, Bartzelonan. Taldean lau dantzari zarauztar aritzen dira, eta txapelketan lehiatzeko gogotsu daude. 

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako taldeak lehiatuko dira bihar Bartzelonan World of Dance dantza urbanoen txapelketan, eta bertan ariko dira Maite Orbegozo, Xenki Ameztoi, Ane Lazkano eta Julen Mateo dantzari zarauztarrak. Donostiako Bamboo taldeko partaideak dira, eta hitzordu aurreko urduritasunak antzematen zaizkien arren, gogotsu daude.

Bamboo taldea 30 bat dantzariz osaturik dago, eta izen bereko dantza eskolatik sortu zen. Bertan aritzen dira lau zarauztarrak. Lazkanok aditzera eman du betidanik ezagutzen dutela elkar: "Nahiz eta toki ezberdinetan hasi garen dantzan, beti elkartu gara, eta bagenekien Donostian bazela dantza eskola bat aukera asko eskaintzen zituena eta lehiaketetan parte hartzen zuena". Lazkanorentzat eta Orbegozorentzat lehen esperientzia izango da Bamboo taldearekin halako txapelketa batean lehiatzea. Ameztoik eta Mateok, berriz, bizipen hori izan zuten iaz Zaragozan (Espainia). 

"Iaz denbora gutxiago eduki genuen prestatzeko, eta aurretik sortuta geneuzkan dantzak erabili genituen txapelketan. Aurten, denbora gehiago eduki ez arren, lan gehiago egin dugu. Dena da berria: koreografia bera, ordu gehiago sartu ditugu... Askoz ere prestatuago iritsiko gara", argudiatu du Mateok.

Iazkoaren aldean, aurten emaitza hobea lortzeko asmoz doazela diote taldekideek. "Zaragozara motibatuta joan baginen ere, ez genuen guztia eman. Ez ginen gustura geratu. Aurten, ordea, iruditzen zait hobeto aterako dela". Gainerakoan, iazkoa esperientzia aberasgarria izan zen Ameztoirentzat: "Izan ere, besteen dantzak eta jendea ezagutzen dituzu, nahiz eta jakin ez garela kategoria honetako onenak eta agian ez garela iritsiko gorenera. Aurten, behintzat, asmo onekin eta gogoz goaz. Eta beste taldeekin gure dantza partekatzera eta haiengandik ikastera".

Bartzelonako txapelketan irabazten duenak Espainia ordezkatuko du Los Angelesen (AEB) jokatuko den World of Dance-eko Munduko Txapelketan. Hitz potoloak dira, aurrez aurre izango dituzten lehiakideen maila bezala. "Zaila izango da irabaztea. Guk ahalik eta ondoen egingo dugu, eta espero dugu postu on bat lortzea", dio Mateok.

Orbegozok ere argi du "nahiko talde potenteak" igoko direla oholtzara. "Edonola ere, gu gustura aritu gara proiektu berri bat prestatzen, eta entrenamendu saio asko egin ditugu, ordu asko sartuz. Estilo ezberdin asko daude dantza urbanoaren barruan, eta horiek txertatu ditugu gure proposamenean. Entrenamenduetan landutakoa aurrera ateratzea eta gozatzea da asmoa".

Aurten, gainera, mezu bat eraman nahi dute txapelketara: "Egun bat geratuko balitzaigu bizitzan, zuhaitz bat landatu eta dantzan jarraituko genuke". Beraz, taularatuko duten koreografiak, mugimeduak nahiz gorputz espresioak eta soinean eramango duten arropak bat egingo dute mezu horrekin. "Ez dugu dantzara bakarrik mugatu nahi, jendearengana ere iritsi nahi baitugu", azaldu du Lazkanok.