Hamazazpi pilotari zarauztar dabiltza Getariako Gure Txeru elkartean

Zarauzko hitza 2019ko aza. 9a, 12:39
Gure Txeru Pilota Elkarteko pilotari gazteak. (Gure Txeru)

Getariako Gure Txeru Pilota Elkarteko kideak "oso gustura" daude, herritik kanpo ere elkarteak egiten duen lana aintzat hartzen delako.

Getariako Gure Txeru Pilota Elkarteko kideak pilota denboraldian murgilduta daude. Gaztetxoek irailean abiatu zituzten entrenamenduak, eta federatuta dauden pilotariak txapelketa jokatzen ari direla azaldu dute elkarteko arduradunek. Horrez gain, Pilota Eskolakoek urrian ekin zioten lanari. Denera, 55 pilotari arituko dira aurtengo denboraldian Gure Txeru Pilota Elkartean, eta elkarteko kideak “oso gustura” daude parte hartzearekin. “Herritarrek pilotarekiko duten zaletasuna handitzen ari dela ikus daiteke, baita gure lana estimatzen dutela ere”. Hala, urteek aurrera egin ahala Getarian pilota "hazten" ari dela uste dute. “Gero eta haur gehiagok ematen dute izena Pilota Eskolan, eta aurtengo denboraldian astelehenetik larunbatera egunero izango dugu pilota eskaintza kiroldegian, entrenamenduak eta partidak kontutan hartuta”.

Gainera, hamazazpi pilotari zarauztar ere badituzte elkartean. “Zarauztik gero eta pilotari gehiago etortzen zaizkigu elkartera, han pilota elkarterik ez dagoelako, eta guretzat garrantzitsua da, herritik kanpo ere gure lana aintzat hartzen dela ikustea”, azaldu dute Gure Txeru elkarteko arduradunek.