Emakume ekintzaileen topaketa egingo dute Zarautzen, azaroaren 19an

Zarauzko hitza 2019ko aza. 11a, 16:17

Jardunaldian parte hartu nahi duten emakumeek EmakumeEkin elkartearen sare-sozialetan eman dezakete izena.

Azaroaren 19an, asteartearekin, Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna izango da, eta EmakumeEkinen elkarteak 11 Kafe izeneko egitasmoa antolatu du EAEko hainbat udalerritan, tartean Zarautzen. Jardunaldiak emakume ekintzaileen lana ikusaraztea eta sare profesionalak sortzea du helburu. Gainera, emakume ekintzaileek beharrak identifikatu eta esperientziak partekatzeko espazioa ere izan nahi du.

11 Kafe topaketa Zarauzko Oneka Gastrotekan egingo dute 11:00etan, kafe hartzeko goiz erdiko atsedenaldia aprobetxatuz. "Hala, katilua esku artean dutela, beren beharrez hitz egiteko eta gai desberdinez berriketan aritzeko aukera izango dute emakume ekintzaileek: besteak beste, enpresa estrategiak, 2020rako helburuak, ekintzailetzari ekiteko orduan erreferente diren emakumeak eta negoziorako arrakastatsuak diren esperientziak izango dituzte hizpide". Horretarako, talde txikitan bilduko dira emakumeak, "parte hartzea eta konfiantza errazteko", eta Art For Life enpresako sormen aholkulari Miren Lauzirikak dinamizatuko du saioa.

Jardunaldian parte hartu nahi duten emakumeek elkartearen sare-sozialetan eman dezakete izena, Facebooek-en, Instagramen eta Twiterren @emakumeekin erabiltzailea bilatuta.