Ostegunean hasiko dira aurrekontu parte hartzaileetako bilerekin

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 12a, 09:34
Kiroldegi aurrean jarri duten aurrekontu parte hartzaileko postontzia. (Aritz Mutiozabal)

Sei bilera egingo ditu auzoz auzo Udal Gobernuak, eta aste honetan Azken Portuko bizilagunekin elkartuko da. Bestalde, postontziak jarri dituzte herrian, jendeak bere ekarpena egin ahal dezan.

Azken urteetako joerari jarraituz, prozesu parte hartzailea egingo du Zarauzko Udal Gobernuak 2020 urteko udal aurrekontuak lantzeko. Aurrekoetan bezala, herriko auzoetan bilerak egingo dituzte, bizilagunen beharrak ezagutzeko eta beraien ekarpenak jasotzeko. Prozesuaren garrantzia azpimarratu du Jesus Arana Ekonomia eta Partaidetza zinegotziak: “Herritarrei udalaren egoera ekonomikoa azalduko diegu, baita 2020 urterako esku artean ditugun proiektuak. Guretzat garrantzitsuena zarauztarrek dituzten proposamen eta iritziak entzun eta jasotzea da”.

Guztira sei bilera egingo dituzte, eta lehenbizikoa ostegun honetan izango da Azken Portu auzoan; azkena, berriz, azaroaren 25ean Urtetan. Tartean, Hiruerreketa eta Vista Alegrekoekin, Mitxelena, Zelai Ondo, Itxasmendi eta Aritzbataldeko bizilagunekin, Alde Zaharrekoekin, eta Iñurritza eta Mendilautako bizilagunekin ere bilduko dira. Batzar guztiak 19:00etan izango dira, Urtetakoa izan ezik; azken hori 20:00etan finkatu dute. Udal Gobernuak zarauztar guztiak gonbidatu ditu bileretara, "udal kontuen xehetasunak eta Udal Gobernuak 2020 urtean aurrera eraman nahi dituen proiektu nagusiak gertutik ezagutzeko”.

Bestalde, aurten ere, postontziak jarri dituzte herriko hainbat tokitan, herritarrek aurrekontuen eta proiektuen inguruan beren proposamenak helarazteko aukera izan dezaten: Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabala eta Portuetxen, Sanz Enean, Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta, azkenik, Iñurritzako auzo elkartean.

Bileren egutegia

Azaroak 14, osteguna
19:00. Kristau Biltokian, Azken Portu auzoko bizilagunak.

Azaroak 18, astelehena
19:00. Vista Alegreko Auzo Elkartean, Hiruerreketa eta Vista Alegre auzoetako bizilagunak.

Azaroak 19, asteartea
19:00. Itxasmendiko Auzo Elkartean, Mitxelena, Zelai Ondo, Itxasmendi eta Aritzbataldeko bizilagunak.

Azaroak 20, asteazkena
19:00. Portuetxeko udalbatzar aretoan, Alde Zaharreko bizilagunak.

Azaroak 21, osteguna
19:00. Iñurritzako Auzo Elkartean, Iñurritza eta Mendilauta bizilagunak.

Azaroak 25, astelehena
20:00. Urtetako elkartean, Urteta auzoko bizilagunak.