'Comandante Arian' filma, Hotz Zarautzen eskutik

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 12a, 11:20
Patxi Elola, Marije Izeta eta Julen Aranguren, filmaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Ikus-entzunezkoarekin herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte. Emanaldia ostegunean izango da 19:30ean, doako sarrerarekin.

Hotz Zarautz elkartearen ekimenez, ostegun honetan Comandante Arian filma emango dute Modelo aretoan. Alba Sotorra zuzendariak Kurdistango Arian milizianoaren bizipenak jaso ditu ikus-entzunezkoan, eta bertan azaltzen da, besteak beste, nola Arianentzat borroka armatua den modu bakarra gizarte patriarkaletik aldentzeko. Emanaldia 19:30ean izango da, doako sarrerarekin.

Elkarteko kide Marije Izetak Hotz Zarautzen sorrera eta ibilibidea azaldu du, eta orain arte egin dituzten ekintzak ekarri ditu gogora, betiere errefuxiatuei laguntza emate aldera. Besteak beste, sentsibilizazio kanpainak, arropa bilketak, txokolatadak, artelanen zozketak, azokak eta film emanaldiak egin dituzte. Eta, hain justu ere, Comandante Arian filma hondar ale bat gehiago da elkartearen egitekoan.

Udaleko Kooperazio Zinegotzi Patxi Elolak dio "gustu handiz" eskainiko dutela ikus-entzunezkoa. Zarautz herri solidarioa dela eta kooperazio arlotik hainbat lan egiten dela azpimarratu du. "Hainbat arazori aurre egiteko gai ez bagara ere, arintzeko eta laguntzeko behintzat bai. Horretarako diru laguntzak ditugu". Horretaz aparte, sentsibilizazioa ere bultzatu nahi dute, "laguntza beste modu batera eman", eta osteguneko dokumentalarekin hori sustatzen dela dio Elolak.

35 errefuxiatu herrian

Zinegotziak gogora ekarri du Zarautz 2015ean deklaratu zela herri solidario, eta harrezkero pausoak eman dituela. 2017tik egun bitartean, 35 errefuxiatu hartu dira herrian, fase ezberdinetan, Hotz Zarautz elkarteak koordinatuta eta lagunduta. Une honetan, 18 lagun dira. Gehienak emakumeak eta umeak direla nabarmendu du, gainera. Gaia ongi bidean  bideratu ahal izateko, Kooperazio departamentua elkarlanean aritu da Hotz Zarautz elkartearekin, Frantziskotarrekin eta CEAR Euskadirekin.

Bestalde, Kooperazio zinegotziak jakitera eman du 8.000 euroko laguntza zuzendu diola udalak Salvamento Maritimo Humanitario taldeari. Aita Mari itsasontziak Libiako kostaldean erreskate-misioak egingo ditu, eta udalak erregaiarekin laguntzeko aipatu partida bideratu dio.