Alerta laranja ezarri dute gaurko olatuengatik

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 12a, 14:22
Argazkia: Lorentxo Portularrume

16:00ak aldera izango da itsasgora, baina gauerdira arte egongo da indarrean Segurtasun Sailak kostaldean ezarri duen alerta laranja. Lau metrorainoko olatuak iragarri dituzte. Bestalde, baliteke Galizian depresio bat osatzea eta bihar itsasoratzea gure kostaldean, olatu handiak eraginez. Hala, biharko bi abisu hori aurreikusi dituzte.

Nahasia ari da izaten azaroa gurean. Gaurko, asteartea, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euskal kostaldean. Hain zuzen, itsasaldeko arriskua dela-eta, 00:00ak arte egongo da indarrean alerta. Lau metrorainoko olatuak iragarri dituzte. Bestalde, lehen bi milietan abisu horia ere izango da gaur, nabigazio arriskuagatik. 16:00ak aldera izango da itsasgora.

Bihar ere, badirudi ez duela atsedenik hartuko denborale gogorrak. Euskalmetek aurreikusi duenez, baliteke gaur depresio bat osatzea Galiziako kostaldean, eta bihar itsasoratuko litzateke gurean. Olatu handiak eragingo lituzke depresioak, eta beraz, biharko bi abisu hori ezarri dituzte, olatuen inpaktuagatik eta nabigaziorako arriskuagatik.

Eguraldiari dagokionez, egunak ez du argituko oraindik. Gaur ere hodei ugari eta euria izango dira kostaldean, eta bihar, ilun eta euritsu hasiko da eguna. Hala ere, arratsalderako atertuko duela adierazi du Euskalmetek. Ostegunean ez du alderantzizko joera hartuko denboraleak; fronte aktibo baten eraginez, euri jasa ugari izango dira goizaldean. Goizean atertuko du tarteka, baina arratsaldean, ekaitzak eta zaparradak hasiko dira berriz.