Karlos Argiñano: "Txantxangorri bat etortzen zitzaidan leihora hasi nintzenean"

Aritz Mutiozabal 2019ko aza. 13a, 09:30
Karlos Argiñano liburu berriarekin. (Aritz Mutiozabal)

‘Cocina Dia a Dia’ liburua argitaratu du Karlos Argiñanok (Beasain, 1948), 365 menu eta 1.095 errezetarekin. Arralde Txiki elkartean bildu ditu hedabideak, eta Hitza bertan izan da.

Oraingo honetan ere liburu berri batekin zatoz.
Hala da, bai. Azken hau latza da benetan, bi kilo eta erdikoa. Liburu lodia da, baina fundamentu handiarekin eginikoa. Egun bakoitzerako menu bat proposatzen dut bertan, 1.095 errezetarekin. Urtaro guztietarako pentsatuta daude, gainera. Menuak osatuta daude beraien plater nagusiarekin eta postrearekin. Jendeak dudarik badu, liburu honi begirada bat eman eta segituan lortuko du eguneko errezeta bat. Askotan gertatzen zait azokara joatea eta ikustea jendeak ez dakiela zer prestatu bazkaltzeko. Liburu honek zalantzak argitzen laguntzen du, modu oso merkean. Inguruko produktuak erabiliz, gainera.

Bertako produktua errespetatuz, beraz.
Erabat! Herria maite badugu, gure artzainak, arrantzaleak eta nekazariak maite behar ditugu, bestela atzeraka goaz.

Liburu aski potoloa da. Bertan proposatzen dituzun errezetak janez gero, loditzeko arriskurik ez da egongo, ala?
Ez, ez zarete lodituko nire errezetekin. Ongi pentsatuta daude alde horretatik. Gainera, mahaian neurria eduki behar da: denetarik pixka bat, asko sekula ere ez. Adibidez, lau platerkada babarrun eta bi odolki oso jan beharrean, bi burruntzalikada babarrun eta odolki zatitxo bat jan behar dira aza pixka batekin. Arraina, 150 gramorekin nahikoa da, eta ez 300 gramoko puska. Azkenbururako, berriz, sagar erre bat da egokia, ez hiru sagar erre, natillak eta hamar intxaur. Dena neurrian janez gero, inor ez da gizentzen.

Zuk ere neurria hartu diozu urtero errezeta liburu bat argitaratzeari. Best-seller-etara ohitzen ari al zara?
Ni ere harrituta nago. Sekula ez nuen pentsatuko hainbeste gauza egingo nituenik bizitza honetan: hainbeste liburu, hainbeste seme, hainbeste biloba, hainbeste  jende nire inguruan lanean... Horrek bai naukala guztiz harrituta! Liburu honi dagokionez, Planeta argitaletxearekin kaleratu dugu, eta Planeta bada Espainian zigilu liderra. Guk egunero errezetak egiten ditugunez telebistan, haiei argazkia ateratzen diegu eta txukun-txukun biltzen ditugu. Urte amaierarako 200 bat jasota izaten ditugu. Alde horretatik, ez da batere lan nekeza izaten, eta ia-ia prest egoten da. Gero, teknikariek egiten dute liburua, nire lana sukaldean errezetak prestatzea baita.

Beraz, esan daiteke lan honen atzean beste esku batzuk egon direla?
Zalantzarik gabe. Nik egiten dut errezeta, eta gainerako guztia nire langileek egiten dute. Langilez inguraturik nago: nire telebistako saioa egiteko, adibidez, 16-18 pertsona daude, eta haiei eskerrak nago hemen. 

Horrenbeste urte sukaldean pasatu eta gero, errezetak berritzea gero eta zailagoa al da?
Gauzak gertatzen dira lanean zabiltzanean. Geldi zaudenean, aldiz, oso zaila da hori. Gauza berriak etortzen dira lanean ari zaren momentuan: dudak izaten dituzu, hau horrela egingo dut, hori bestearekin nahastuko dut, hau denbora gutxiagoz edukiko dut, bestea zati lodiagoan moztu dezaket, hau hamar minutuz sartuko dut labean... Ideia horiek sukaldean probatu behar dituzu, eta lanean ari zarela etortzen zaizkizu burura. Hala ez bada, ez zaizkizu ideia berriak horren aise sortzen.

Telebistan sukaldaritzako saio pila bat daude gaur egun. Baina agian zu izan zinen guztiei ateak zabaldu zenizkiena. Gainerakoak kopiak al dira?
Ez da halakorik.  Jende askok jaten dugu egunero. Sukaldari ugari daude eta oso onak, hemen eta atzerrian. Egia da telebistan modan dagoela sukaldaritza, baina gehiago dira reality ikuskizunak, sukaldaritzako saioak baino. Arrakasta handiko saioak dira, eta begi onez ikusten ditut. Gero eta jende gehiago sukaldean, hobe! Eskoletan ere erakutsiko balute zer den sukaldean aritzea eta emango balute produktuen berri, uste dut jendeak hobeto jango lukeela.

Lekukoa hartu dizun seme bat ere baduzu telebistan.
Bai, Joseba. Sukaldaria eta gozogilea da, eta topera dabil! Nire bosgarren semea da, oso bizia. Gainerako nire seme-alabek ez dute telebistan atera nahi izan, ez dakit lotsagatik den ala zer, baina Joseba oso trebea da eta gauzak aski txukun egiten ditu.

Txikitatik ikusten zitzaizkion dohainak, Kanarietako platanoen iragarkian zure alboan atera zenuenean.
Bai, bai! Sukaldean jaiotakoa da, eta gero nire arreba Evarekin ikaragarri ikasi zuen. Ondoren, ostalaritza ikasi zuen, eta toki askotan ibilia da, besteak beste, Frantzian eta Belgikan. Egia esan, oso iaioa da bere lanean.

Kuriositatez, liburu berrian jaso dituzun 1095 errezetatik zenbatek daramate perrexila?
Gehienetsuenek. Bada, 800 bat errezetek izango dute. Izan ere, nire ondoan beti dago perrexila baso txiki batean. Gipuzkoako saltsa da saltsa berdea. Legatza horrela prestatu izan da gure etxean, eta arroza txirla batzuekin eta perrexilarekin, edo betiko tortilla soila perrexilarekin... 

Eta Argiñanoren beste ikurra da txantxangorria.
Sukaldean hasi nintzenean, txantxangorri bat etortzen zitzaidan usainak erakarrita-edo. Orduak pasatzen zituen leihoan. Jatetxea jarri nuenean, ikur gisa txantxangorria jartzea erabaki nuen, eta Carlos Zabala Arrastaluk egin zidan irudia. Oso eskertuta nago, arreta handia sortzen duen irudia delako. Gainera, tatuatuta daukat.

Tatuatuta?
Bai, besoan. Baina ez nago egungo futbolariak  bezala goitik behera beteta. Hiru tatuaje ditut: txantxangorriaz gain, azeri bat eta ezpata arrain bat betaurrekoekin. Ni ere rockeroa izandakoa bainaiz.

Argiñano rockero zaharrak bezala ez da inoiz hiltzen?
Hilko naiz noizbait, baina oso ondo daramat.