Gaur zozkatu dituzte Zarauzko Triatloiko dortsalak, 3.243 lagunen artean

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 13a, 16:14
Haritz Eizagirrek diseinaturiko Zarauzko Triatloiko logo berria (Argazkia: Arkaitz Lazkano)

Iaz baino 382 triatleta gehiagok eman dute izena 34. ediziorako dortsalen zozketarako. Proba ekainaren 13an jokatuko da, eta logo berria izango du, Haritz Eizagirre diseinaturikoa.

Zarauzko Triatloia parte hartu nahi dutenen kopurua gorantz doa, eta aurten 3.243 lagunek eman dute izena 34. ediziorako dortsalen zozketarako, iaz baino 382 gehiagok. Ekainaren 13an jokatuko den proban parte hartzeko zozketa gaur egin dute eta emaitzak ikusgai daude esteka honetan.

Guztira, erabilgarri dauden 700 plazetatik 600 dortsal zozkatu ditu antolakuntzak, eta gainerako 100 dortsalak, berriz, finkatuta dauden kupoak betetzeko gorde ditu. Behin kupoak beteta, gordetako 100 dortsaletatik soberan geratzen direnak itxarote zerrendan dauden triatletei egokituko zaizkie hurrenkera errespetatuz

Ikur berria

Dortsalen zozketarekin batera, Haritz Eizagirre diseinatzaile zarauztarrak ondutako probaren irudi berria aurkeztu du Zarauzko Triatloiak. Logoak Z handi bat irudikatzen du, hiru marrez osatuta, triatloiak berak dituen hiru kirol probak islatu nahian. Era berean, proba lehen aldiz jokatu zeneko data txertatu dute irudi berrian. Zarauzko Triatloiaren "balioekin eta ezaugarriekin guztiz bat" datorren logoa dela nabarmendu dute antolakuntzako kideek.