Same Old People abestia estreinatu zenuten duela pare bat aste. Gerora etorriko den disko baten edo zerbait gehiagoren aurrerapen bat al da?
Single hau dator bi abestiko bildumatxo batean. Orain Same Old People abestia eta bideoa, eta bigarren bat etorriko da urtarrilean, Throw Away izenekoa, hori ere bideo eta guzti. Momentuz, ez dugu diskorik buruan, gelditu gabe abesti berriak ateratzea delako taldearen asmoa. Gaur egun, musika industria dagoen bezala ikusita, disko bat kaleratzeak ez du zentzu handirik: jendeak ez du CDrik erosten. Zentzua duena da urtean gauza berriak egiten joatea: abesti bat atera, bideo bat argitaratu, kontzertu batzuk eman, handik pixka batera beste abesti eta bideo bat, beste kontzertu batzuk... Gure ikuspegia da urte osoan berrikuntzak eskaintzea, gurpil hori etengabe mugi dadin.
Disko bat argitaratzeak nolabaiteko eten bat suposatzen duela uste al duzue?
Disko bat egiteko denbora, esfortzu eta diru asko behar da. Eta behin kaleratzen denean, jendeak bertan jasotako abesti guztiak hasieratik ezagutzen ditu. Denak bat-batean ezagutzen dituenez, berritasun hori galdu egiten du berehala. Gure kasuan, diskoa atera beharrean –eta gero agian hamar abesti kaleratzen ditugu–, nahiago dugu kapsula txikitan ematea.
Beraz, diskoetxeen ohiko kanonetatik aldendu zarete.
Hasiera-hasieran horrela egiten zen. Diskoaren kontzeptua 60-70eko hamarkadan etorri zen. Horren aurretik ez zen existitzen LParen kontu hori. Musikariek abestiak sortzen zituzten eta emanaldiak eskaini, besterik gabe. Merkatu ikuspegitik begiratzen hasi zirenean, abestiak biltzen hasi ziren saltzeko produktu bat izateko. Egun produktu hori saltzen ez denez, ez dauka zentzurik. Hala, hiruzpalau hilabeteren bueltan abesti berri bat eskaintzea da helburua, eta jada talde batek oihartzun handia lortzen duenean orduan eman dezake diskorako jauzia. Hau ez dugu guk asmatu, Londresko talde guztiek horrela funtzionatzen dute.
Hori al da nagusitzen ari den etorkizuneko joera?
Bai. Egun musika kontsumitzen da Youtube eta Spotify bidez. Jende askok musika entzuten du Spotify-ko playlistetatik, eta zerrenda horietan zure abesti bat edo bi egongo dira. Interesatzen dena da zure musika sartzea playlist horretan. Beraz, disko oso bat edukitzea alferrikako lan bat bezala litzateke. Jendeak musika entzuteko modua aldatu duen bezala, taldeok ere geure musika zabaltzekoa edota banatzekoa horretara moldatu dugu.
Eta musikalki zein da zuen proposamena single honetan?
Rock alternatiboa deitzen diogu guk, ez baitugu mugarik jarri nahi. Egia da taldearen ezaugarri bat dela gitarra doinuak astunak eta ahotsak melodikoak izatea. Kantak sortzeko prozesua ezberdina da talde honetan: hasieran lau akorde jotzen ditugu pianoan eta ahotsarekin melodia ateratzen dugu; eta, gero, ahots horren inguruan joaten gara gitarra egitura bat sortzen eta abesti osoa eratzen. Sortzeko modua alderantzizkoa izan da, niri dagokidanez. Nik, behintzat, ez dut orain arte horrela konposatu.
Mantisa zure aurreko taldearekin alderatuta oso ezberdina da. Agian, Mantisa teknikoagoa zen, eta lasaiagoa.
Mantisan gitarra armoniak ziren abestien ardatz nagusiak. Bi gitarrista ginen taldean, eta denbora asko pasatzen genuen armonia horiek ateratzen. Izan ere, gero horien inguruan sortzen genituen abestiak; ahotsak bukaerarako uzten genituen. Oraingo ikuspegia, aldiz, oso bestelakoa da. Gitarra indartsuagoak bilatzen ditugu, eta Mantisako bigarren diskoan, adibidez, doinu garbiagoak erabili genituen.
Egun egiten duzuena dantzagarriagoa ere bada?
Gitarraren egitura ez dugu gitarrarekin ateratzen, ahotsarekin baizik. Ahotsarekin kantatutakoa gero gitarrarekin aterata erraz barneratzen da, eta alde horretatik izan daiteke dantzagarria. Baina hori ez da taldearen helburuetako bat, ez baikara erritmo dantzagarriak bilatzera joaten. Kontzertuetan jendeak rock talde bat bezala ikusten gaitu, ez dantza egiteko talde bat bezala. Une batzuetan jendea dantza jartzen dugu, bai, baina gure publikoa nahiko rockeroa da.
Zure musikari ibileran nola ikusten duzu etapa berri hau?
Lan egiteko modu ezberdin hau interesatzen zait: abestien ardatz nagusia melodia eta lau akorde horiek izatea eta, ondoren, horren gainean eraikitzea. Beraz, musikari gisa beste erronka bat da niretzat, zeren askotan ez naiz eroso sentitzen. Konposatzerakoan maiz ez dut jakiten hurrengo pausoa zein den. Baina erronka pertsonal bat da, eta gauza ezberdinak egiten badituzu, emaitza ere bestelakoa izaten da, betikotik aldentzen dena.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
Pausoz pauso joan nahi dugu. Single honekin, aurrekoarekin ez bezala, Erresuma Batutik kanpo ari gara egiten promozioa, Erresuma Batuan ez ezik, Euskal Herrian eta Espainian ere kontzertuak jo nahi ditugulako. Honen helburua da taldea bizirik mantentzea, aktibo eta gustura. Talde batean egotearen alderik gozagarriena da zuzenekoak jotzea. Gainerakoan, Londresen kontzertu batzuk ditugu orain; otsailean, Brixton eta Brighton hirietan. Udako jaialdi batean ere ariko gara, baina, momentuz, epe motzeko helburuak ditugu.
Pertsonalitateen arteko borroka, ikusi eta entzuteko
Anthony Chapman abeslari eta baxu jotzaileak, Tom Hayden piano jotzaileak, Ganix Illarramendi gitarristak eta Paul Woodward bateria jotzaileak osatzen dute Twin Jackal taldea, eta Same Old People single berria urriaren 25ean eman zuten argitara. Chris Coulter ekoizlearekin landutako abestia da, eta taldeak bilatzen duen «soinu indartsu» hori islatzen lagundu diela adierazi du Illarramendik.
Era berean, bideoklipa ere aurkeztu du laukoteak. Abestiak izaeren arteko borrokaz hitz egiten duenez, hori irudikatzen ahalegindu dira. Ari Rissotti eta Eleonora Cristin zuzendari italiarrek ondu dute proiektua. Illarramendik azaldu duenez, moda esparruan lan egiten duen jendea da, eta «kasurako egokia» iruditu zitzaien.